Bi lagun zauritu ziren atzo Belatxara gasolindegi parean gertatu zen istripuan

2023/01/31
Card image cap
Bi autok elkar jo zuten eta suhiltzaileen laguntza behar izan zen, harrapatuta geratu zen pertsona bat kotxetik ateratzeko

  Ikusgarria izan zen Belatxara gasolindegi aurrealdean atzo ilunkaran gertatu zen istripua. Iluntzeko 20:00ak inguruan gertatu zen. Erreia gurutzatuta Belatxara gasolindegira sartzera zihoan autoak, paretik zetorkion beste baten kontra jo zuen. Ondorioz, gasolindegira sartzeko ezkerrera bira egin zuen ibilgailuan zihoan pertsonetako bat harrapatuta geratu zen eta suhiltzaileen laguntza behar izan zen autotik ateratzeko. Zaurituta ere bazegoen eta kotxe berean zihoan beste lagun batekin batera Arrasateko ospitalera eraman zituzten, bertan artatzeko. Istripua izan zuten beste hiru lagunek ere kolpeak jaso zituzten baina lekuan bertan artatu zituzten eta ez ziren ospitalera eraman. Arrasatera zaurituta eraman zituzten bi pertsonen egoeraren berririk ez da eman.

  Belatxara gasolindegi parean gertatu zen istripu honen ondorioz, GI-2630 errepidearen errei bat itxita geratu zen, ordubetez edo, eta trafikoa libre zegoen erreitik txandaka bideratu zuten udaltzainek eta ertzainek. Gaueko 21:00ak pasatxoan jada, normaltasuna itzuli zen.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!