Bi lagun atxilotu zituen Ertzaintzak enpresa batean bateriak lapurtzen ari zirela, ostegunean

2023/01/30
Card image cap
Mauxka jatetxean ere lapurrak sartu ziren ostiraletik larunbaterako gauean

  Bi lapurreta salaketa bideratu ditu Ertzaintzak azken egunetan gurean. Bat momentuan harrapatu zuten eta bi lagun atxilotu zituzten, bestean, aztarnak hartu ziren baina ez da inor atxilotu.

  Otadui zuhaiztiko enpresa batean birziklatzeko bateriak lapurtzen ari ziren bi lagun atxilotu zituen Ertzaintzak, ostegun arratsalde-ilunkaran. Enpresarako langa ireki zela probestu zuten furgoneta batez bertara sartzeko eta bateriak ibilgailuan sartzen ari zirela atxilotu zituzten. Identifikatu eta enpresarekin harremanik ez zutela egiaztatzerakoan, atxilotuta eraman zituzten, lapurretan saiatzearen delitua leporatuta.

  Atxiloketarik ez da gauzatu, ordea, larunbat goizean salatu zen bigarren lapurretaren haritik. Mauxka jatetxean sarrerako sarraila apurtuta sartu izanaren abisua eman zuten bertako arduradunek. Ate nagusitik sartu eta lokalaren atzealdera ematen duen leiho batetik irten zirela ondorioztatu zuten Mauxkara hurbildu ziren ertzainek. Jatetxearen beheko solairuan dagoen bulegoan ere sartu zirela ikusi zuten, guztia, nahastuta utziz. Dirua eraman zutela jakinarazi zien jatetxeko arduradunak ertzainei baina kopurua zehaztu gabe. Aztarnak hartzeko unitateari deitu zitzaion, halakoetan egin ohi denez, lapurreta argitze aldera, baina ez da inor atxilotu orain arte.

  Azkenaldian, tantaka-tantaka bada ere, herriko taberna eta denda ezberdinetan lapurretak salatu dira gurean eta lokaletara sartzeko modua errepikatu da, sarraila apurtu eta sarrera nagusitik sartu dira.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!