Bi lagun atxilotu zituen Ertzaintzak atzo, Goiena jatetxean lapurtzea leporatuta

2022/06/13
Card image cap
Lokaleko kamerei esker identifikatu zituzten

  Oñatiko bi gazte atxilotu zituen Ertzaintzak atzo, goizaldeko seiak inguruan, Goiena jatetxean lapurtu izana leporatuta. Beste lapurreta saio baten erantzule izan daitezkeela uste da, baina ez dago lekukotza garbirik eta ikertu egin beharko da.

  Kale Barrian dagoen Goiena jatetxeko pertsiana apurtuta eta diru-kutxa manipulatuta zegoela topatu zuen Ertzaintzak atzo goizaldera. Lokalak dituen kameretako irudiak ikusita bi gazte identifikatu zituzten eta minutu gutxira kale Zaharrean aurkitu eta atxilotu zituzten. Bi gazteak oñatiarrak direla jakinarazi digu udaltzainburuak. Goienako diru-kutxan 500-600 euro inguru zeudela salatu dute bertako arduradunek.

  Baina Goiena tabernako pertsiana ez zen atzo goizaldera apurtutako bakarra; Foruen enparantzako 7an dagoen lokaleko kristalezko atea ere apurtuta agertu zen, bertako arduradunak Ertzaintzari adierazi zionez. Badirudi, ordea, inor ez zela lokalera sartu, ez zuten ezer faltan sumatu eta lokaleko kamerek grabatutako irudietan ere ez ei da ezer berezirik ikusten. Aipatu kristalezko atea atxilotutako bi gazteek apurtu zutela ziurtatzeko ez dago frogarik eta Ertzaintzak ikertzen jarraituko du.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!