Bi eskaera jaso dira jada herritarren parte hartzea sustatzeko teknikari lanposturako.

2014/12/30
Udalak, aldi baterako eta lan jardun erdiz beteko duen lanpostu honetara aurkezteko epea, urtarrilaren 5ean beteko da.

  Udalak, garapen komunitarioa eta herritarren partaidetza sustatzeko aldi baterako programa aurrera eramango duen teknikaria hautatu nahi du.

  Lanpostura aurkeztu ahal izateko, unibertsitateko diplomatura edo erdi mailako gradua izatea eskatzen da. Euskarari dagokionean, berriz, laugarren hizkuntza eskakizunaren pareko maila izan beharko da. Herritarren parte-hartzea sustatzeko teknikari lanpostu hau oposizio-lehiaketa sistemaz beteko da.

  Oposizio edo azterketaldian, hautagaiek, froga teoriko eta praktiko bana gainditu beharko dute eta eskatutako euskara maila agiri bidez egiaztatzen ez dutenek, euskarazko froga ere egin beharko dute.

  Lehiaketa prozesuan berriz, antzerako lanetan eskarmentua izatea eta formazio osagarria bereziki baloratuko dira. Baina meritu guzti horiek eta eskatutako formazio akademiko nahiz euskara  maila egiaztatzen duten agirien fotokopiak lanpostura aurkezteko eskaerarekin batera aurkeztu behar dira.

  Gaur goizean, bi ziren jada udal bulegoetan zeuden eskaerak, baina datozen egunetan gehiago jasotzea espero da, eskaerak aurkezteko epea, esan bezala, datorren astelehenean, urtarrilaren 5ean amaitzen baita.

  Kontratatuko den teknikari honen egitekoak berriz, hauek izango dira, besteak beste: herritarren artean partaidetzaren kultura eta izaera komunitarioa zabaltzea, harremanetarako eta parte hartzeko gune eta aukerak eskainiz. Udalak abian jartzen dituen parte hartzeko prozesuak kudeatu eta dinamizazio funtzioak betetzea, hauek martxan jarri aurretik diseinatzea eta ezartzea eta gerora ebaluazio lana egitea. Aldi berean, halako prozesuak martxan jartzeko beharrezko harremanak izan beharko ditu erakunde eta eragileekin eta udal departamentuei ere aholkularitza eskaini beharko die beraien politiketan herritarren partaidetza kontutan hartu dezaten. Sentsibilizazio ekimenak, ikastaroak, jardunaldiak eta hitzaldiak ere antolatu eta planifikatu beharko ditu teknikari berriak.

  Udalak, herritarren parte hartzea sustatzeko teknikaria, aldi baterako eta lan jardun erdiz kontratatzeko deialdia martxan du eta gogoratu berriro, eskaerak aurkezteko azken eguna, urtarrilaren 5a izango dela.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!