Bi adierazpen instituzional onartu ziren azken Osoko Bilkuran

2018/07/04
Card image cap
LGTBIQ kolektiboaren eskubideen alde eta “La manada” libre utzi zuen auziaren kontra agertu zen udalbatza, aho batez

  Irakurri eta aho batez onartu zen lehenengo adierazpen instituzionalak, LGTBIQ kolektiboaren eskubideak aldarrikatzen ditu, hiru puntutan. Udalak, giza eskubideekin duen konpromisoa berresten du, baita aniztasun sexualaren, genero identitatearen eta orientazio sexualaren arabera jendea ez diskriminatzearekin ere. Hala, balizko diskriminazio hori ekiditeko politiken aldeko apustu egiteko beharra adierazten du udalbatzak eta edozein motatako erasoak gaitzesten ditu. Horren haritik, lau konpromiso konkretu ere bere egiten ditu: askatasun sexualaren alde lan egiten duten talde eta elkarteei laguntza eskaintzera, herritar guztiei zuzendutako sentsibilizazio eta kontzientziazio kanpainak bultzera, ekainaren 28ko aldarrikapen eta ospakizuna ikusgai egitera udaletxeko balkoian ortzadar bandera zintzilikatuz eta LGTBIQ kolektiboa identifikatzen duten talde sinboloak agerian jartzeko geroz eta espazio gehiago jartzera.

  Aipatu adierazpen instituzionala Osoko Bilkurarako lan zerrendan jasota zegoen. Ez ordea, La manada deritzon taldea aske utzi zuen auziaren kontrakoa. Gaizki ulerturen bat izan zen udalbatza osatzen duten bi taldeen artean nonbait, eta ez zen gai zerrendan idatzi. Baina presazko izaeraz aurkeztu eta onartu zen, hau ere, aho batez. Gipuzkoako Batzar Nagusiak onartutako testua bere egin zuen Oñatiko udalbatzak. Bost puntuko idatzian, 2016ko uztailaren 7an bortxatua izan zen biktimari eta bere senitartekoei babesa, maitasuna eta elkartasuna adierazten zaie. Zigortutakoak behin behinean aske uzteko autoarekin erabateko desadostasuna agertzen du eta autoa inpugnatu nahi duten erakundeei babesa erakusten die Oñatiko udalbatzak. Aipatu askatasun autoarekiko etsipena eta haserrea erakusten du eta justizia eskatzen du, sistemak emakumeen bizitzak eta hauen eskubideak ez dituela bermatzen gaineratuz. Emakume guztiek askatasunerako duten eskubidea aldarrikatzen du eta inolako eraso matxistarik ez duela onartuko adierazten du, berdintasunaren alde lan egiteko konpromisoa berrestearekin batera.  

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!