Oñatiko udala

BETIK ingurua aproposena etorkizunean futbol zelai berria eraikitzeko

2022/12/02
Card image cap
HAPOan jasoko da kirol ekipamenduetarako gune izendatuta

  Ginder enpresari eskatu zitzaion futbol zelai berrirako kokapenen azterlana eta emaitza aurkeztu dira. Hainbat baldintza jarri ziren mahai gainean etorkizunean futbol zelaia egiteko kokaguneak identifikatzeko: ertutasuna, irisgarritasuna, segurtasuna, aparkalekuak hartzeko tokia, zerbitzuak sartzeko espazioa, itzalen azterketa, haizegunerik ez izatea… eta balizko 10 kokagune zehaztu ziren hasieran. Baina baloratuta, hiru kokapenek egin zuten aurrera: San Martin etxaldearen aldameneko lur saila, Berezaon, Korriuena moduan ezagutzen dena, eta Betik enpresa ondoko pinudia.

  San Martingo aukera baztertu egin zuen udalak, nekazal interes moduan sailkatuta dagoen gunea delako eta egungo etxebizitza eremua handitzeko aukera ere ematen duelako. Betiken, lantegiaren gunea erabiltzeko aukera ikusi zen, ondoko zuhaiztira sartu gabe, egun, ez dagoelako industria jarduerarik eta biltegi moduan soilik erabiltzen delako. Ondorioz, mahai gainean geratu ziren Berezao eta Betikeko aukeren garapenak ekonomikoki zein pisu izango luketen kalkulatu da. Emaitza erabakigarria izan da gobernu taldeak Betikeko kokapena lehenetsi dezan.

  Berezaon bi futbol zelai eraikitzeak (aldagelak, bulegoak eta aparkalekua barne) 14,5 milioi euroko aurrekontua luke, eta Betik gunean futbol zelai bat eraikitzeak (aldagela, bulego eta aparkalekuak barne) 8,3 milioikoa. Egin beharreko desjabetzak eta beste gastu batzuk sartu barik daude aurrekontuetan. Aukera biak baloratu ostean, udal gobernuak Betik-eko aukeraren alde egitea erabaki du, esan bezala, ekonomikoagoa delako eta, gainera, Azkoagaineko futbol zelaiarekin lotuta egongo litzatekeelako, Arantzazurako errepidea gainetik zeharkatuko lukeen pasarela bidez. Aloña Mendiko futbol sailak ere begi onez ikusi du aukera hau.

  Hurrengo urratsa HAPO edo Hiri Antolamendurako Plan berrian Betik-eko lursailen kalifikazioa aldatzea izango da, kirol ekipamenduetarako gune izendatuz.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!