Oñatiko udala

Bertan behera utzi dira uraren ziklo integralaren integrazio planerako dirulaguntzak

2020/10/08
Card image cap
1.249 bezerok jasotzen duten laguntza honetarako diru poltsa 2015ean agortu zen

  2009an hasi ziren uraren ziklo integralaren integrazio planerako dirulaguntza hauek ematen, Udalak, herriko uraren ziklo integralaren kudeaketa Gipuzkoako Ur Kontsortzioaren esku utzi zuenean. Bi aldeek sinatu zuten kudeaketa lagatze hitzarmenaren arabera, Oñatiko saneamendu azpiegituraren egoera ona sarituz-edo, Ur Kontsortzioak  202.000 euroko prima moduko bat ordainduko zion Udalari. Baina dirua Udalak gorde ordez, kudeaketa sistemaren aldaketak bereziki kaltetuko zituen herritarrei, bezeroei, hobari gisa bideratzea erabaki zuen. Hala, Ur Kontsortzioaren tarifak aplikatzearen ondorioz, ur faktura bereziki garestitu zitzaien herritarrei hobaria aplikatu zaie azken 12 urteotan. 1356 bezero hasi ziren aipatu hobaria jasotzen eta egun 1249 ziren.

  202.000 euroak 2015ean agortu ziren baina 10 urterako sinatu zen Uraren Ziklo Integralaren hitzarmena amaitu arte, hau da, 2018ra arte, dirulaguntzei eustea erabaki zuen udalbatzak 2015eko abenduan. Udalaren gain geratu zen orduan dirulaguntzak mantentzearen finantzaketa.

  2018ko maiatzean, Uraren Ziklo Integralaren hitzarmena beste hamar urtez luzatzea erabaki zuen udalbatzak baina ez zen dirulaguntzari buruzko akordiorik hartu. Gaia azken Osoko Bilkuran aztertu zen eta Oñatiko bezeroen laurdenak, gutxi gora behera, jasotzen duten hobaria bertan behera uztea erabaki zen, aho-batez.

 Udalbatzak hartu duen erabakiaren berri eman zaio Gipuzkoako Ur Kontsortzioari hurrengo ordainagiritan hobaria aplikatu ez dezan. Udalak, 25.000 euro inguru bideratzen zituen urtean aipatu dirulaguntzak estaltzeko.  

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!