Oñatiko udala

Bertan behera utzi da terrazen azalera handitzea ahalbidetzen zuen 2020ko alkate dekretua

2022/07/01
Card image cap
Gutunak bidali zaizkie tabernariei eta bilerak ere egiten ari dira, terrazek bete beharreko ezaugarriak jakinaraziz

  Larrialdi egoeran terrazen tamaina bikoizteko onartu zen alkate dekretua bertan behera utzi zen atzoko osoko bilkuran. Era berean, udal ordenantzan hainbat irizpide osagarri txertatzea onartu zen.

  2020ko maiatzaren 15ean, terrazen azalera handitzea ahalbidetzen zuen alkate dekretua indarrean sartu zen, larrialdi egoeran osasun kontrola eta urruntze sozialari zegozkion neurriak bete eta ostalaritza sektoreari laguntzeko helburuz. Praktikan, terrazen tamaina bikoizteko aukera eman zitzaien tabernariei, eta aurrez ez zeuden hainbat terraza-gune berri ere eratu ziren. Baina alkate dekretua bertan behera utzita, ezohiko eta behin behineko baimen guztiak ere bertan behera geratzen dira. Horren berri ematen duten gutunak bidali dira eta tabernariekin banakako bilerak egiten ari dira, udal ordenantzan txertatu diren irizpide berriak azaldu eta terraza jartzeko eskaera berritu ez dutenei hala egin behar dela gogorarazteko.

  Bizikidetasuna bermatze aldera, hainbat irizpide berri txertatu dira terrazen udal ordenantzan. Hara nola, taberna aurrealdean jarriko diren mahai eta aulkiek inguruarekiko gorde beharko dituzten distantziak zehaztu dira, bai oinezkoen pasabideak ziurtatzeko, eta hiri altzarien inguruak edota atari eta saltokietarako sarrera-irteerak libre uzteko. Terrazak luze zein zabal gehienez izan ahalko duen zabalera ere mugatu da, eta terraza muntatzeko ordua ere bai eta ezin izango da goizeko 8:00ak baino lehenago jarri. Zamalanetarako ordutegian, 4 metroko tartea libre utzi beharko da ibilgailuentzat eta plazatan, azalera guztiaren 2/3ak espazio publikorako libre utzi beharko da. Tabernarien ardura izango da mahaiak eta aulkiak baimendutako kokalekuan mantentzea. Ixteko ordutegia iristean, terrazako material guztia jaso egin beharko da eta ezingo da kalean utzi. Udal arduradunak tabernariekin harremanetan daude eta ari dira xehetasun hauen berri ematen.

  Astelehenetik aurrera aipatu irizpide berri horiek betetzen direla bereziki zainduko da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!