Bertan behera geratu da Lezesarriko oinezkoen bidea egokitzeko lanen esleipena

2022/05/30
Card image cap
Ez da eskaintzarik aurkeztu eta deialdi berria egin beharko du Udalak

  Maiatzaren 17an amaitu zen Lezesarriko oinezkoen bidea egokitzeko lanen lizitaziora proposamenak aurkezteko epea. Baina ez zen eskaintzarik jaso eta Kontratazio mahaiak bertan behera utzi du prozesua. Orain, baldintzak errebisatu beharko dira, bereziki atal ekonomikoa, eta deialdi berri bat egingo da. Ondorioz, lanak atzeratu egingo dira.

  Lezesarriko oinezkoen ibilbidea Urrintxo jatetxearen aparkaleku sarreratik futbol zelaira sartzeko espaloira bitartean egin asmo da. Azkoagainetik Lezesarriko ermitarako sarbide parerainokoa, Arantzazutik jaisteko erreiaren segidan egokituko da. Ermitarako sarbide parean, galtzada gurutzatzeko pasabidea egokituko da eta, hortik gora, Urrintxoko aparkaleku parerainoko tartean, eskumako erreiaren segidan eratuko da oinezkoentzako ibilbidea. Oinezko bideak 2 metroko zabalera hartuko du. Horretarako errepidearen plataforma zabaldu egin beharko da hainbat metrotan baina ibilbidearen kontrako erreiak metro erdi estutuko dira. Errepidea gurutzatzeko tokian zirkulazioa lasaitzeko eremua ezarriko da eta erdiko irlatxo bat tartekatuko da. Eta galtzada zeharkatzeko lekutik Urrintxorainoko oinezkoen bidea babesteko baliza bertikalak tartekatuko dira. Lanen osagarri gisa, drainatze lanak, bidea seinaleztatzeko lanak eta argiteria ezartzeko obra zibila ere egingo dira.

  Lan hauetarako ia 244 mila euroko aurrekontua finkatu zuen Udalak gehienezko prezio gisa, baina errebisatu egin beharko du, diru horren truke obra egiteko prest dagoen enpresarik ez baita aurkeztu.

  Aspaldikoa da Lezesarri auzora sartzeko bidegurutzean irisgarritasuna eta trafikoaren kudeaketa hobetzeko Udalaren asmoa eta Lezesarri auzorako sarbidea egiteko espaloia eratzeari lehentasuna eman zitzaion. Lehentasuna bai baina ez berehalakoa, lanak egiteko deialdi berri bat egin beharko delako, esan bezala.

Iturria: Oñati Irratia

 

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!