Oñatiko udala

Berrehunen bat txartel eskaera jaso dira jada, zamalan orduetan atariraino autoz sartu edota bertakoentzako aparkalekuak erabiltzeko

2016/11/23
Card image cap
Astelehenean amaitzen da txartelak eskatzeko epea

  Abenduaren erdialdetik aurrera errotazioko aparkatze sistema berria indarrean sartuko da eta oinezkoentzako guneetara autoz sartzeko neurriak gogortuko dira. Kale Barria, Atzeko kale eta Kale Zaharreko bizilagunek, zamalan orduetan bertara autoz sartzeko txartela beharko dute eta bertakoentzako aparkalekuak erabiltzeko ere, hartarako propio egingo diren txartelak beharko dira. Bata zein bestea eskatzeko epea, astelehenean amaituko da.

  Kale Barria, Atzeko kale eta Kale Zaharrera autoz sartu ahal izateko txartela, aipatu kaleetako helbidean erregistratuta dauden ibilgailuei bakarrik emango zaie. Horregatik, eskaera egiterakoan baimendu nahi den autoaren matrikula zenbakia eraman behar da. Etxebizitza bakoitzean helbideratuta dagoen ibilgailu bakoitzeko txartel bana eskuratu ahal izango da.
Auzotarren txartelok baimendutako autoaren matrikula izango dute. Eta txartela leku agerian jarrita Kale Barria, Atzeko kale eta Kale Zaharreko bizilagunek, autoz etxe atariraino sartu ahal izango dute, astelehenetik larunbatera, eta 8:00etatik 12:00etara. Beti ere, zamaketa lanak egiteko 30 minutuko tartea izango dute. Txartel hauek doan banatuko dira.

  Bertakoentzako aparkatzeko txartela nahi duten bizilagunek berriz, 50 euro ordaindu beharko dituzte urteko tasa kontzeptuan. Halakorik nahi duenak ere, eskaera astelehenera bitartean egin behar du udal bulegoetan. Kasu honetan ordea, eskaera egin dezaketenak eremu zabalagoko bizilagunak dira, oinezko kaleetan eta inguruetan daudenetan bizi direnak, alegia. Errotazioko aparkatze sistema indarrean jartzen denean, bertakoentzako aparkaguneak markatuko dira Bidebarrieta kalean eta Aita Mortara eta Aita Madina kaleetan. Guztira, inguruko kaleetan bizi direnentzat 28 eta 33 aparkaleku gordeko dira, hurrenez hurren. Baina autoa denbora mugarik gabe bertan aparkatu ahal izateko bertakoen txartela eskuratu beharko da. Eskaera egiterakoan, kontu korronte zenbakia eraman beharko da txartela eskuratzeko ordaindu behar diren 50 euroak kobratu ahal izateko. Baina kontu egin, TAO edo errotazioko aparkalekuak gune konkretuetan soilik markatuko direla: Zubibarri, Motxon eta Aita Madina kaleetan, Maiatzaren lehena plazan, eta Portu kalearen zati batean. Horietan, denda egun eta ordutegian, gehienera, ordubetez utzi ahal izango dira autoak. Gero, zonaldez aldatu beharko baita. Txandakako aparkatze sistema berriaren helburua, autoen errotazioa arintzea da eta ez ekonomikoa, OTA gunean aparkatzea doan izango baita. 

  200nen bat eskaera jaso dira orain arte zamalan orduetan oinezko kaleetara sartu edota bertakoentzako aparkatze txartelak eskuratzeko. Eskaera egiteko azken eguna, astelehena, hilaren 28a izango da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!