Beroaren aurrean babestu eta ume eta adinekoei arreta berezia jartzeko gomendioak eman dira

2022/06/13
Card image cap
Abisu horia eman da biharko, beroagatik, baina ostegun-ostiralerako tenperatura altuagoak iragarri dira

  Osasun Sailak indarrean du muturreko tenperaturei aurre egiteko plana. Ekinaren 1etik irailaren 15era luzatzen da gehiegizko tenperaturari aurre egiteko plana. Tokian tokiko administrazioei bidali die zaie, dagozkien neurriak hartu ditzaten. Izan ere, muturreko tenperaturek ondorio negatiboak eragiten baitituzte osasunean eta gaixotze eta heriotza-tasak handitzen dituztela adierazten dute estatistika datuek. Muturreko tenperaturek guztioi eragiten digute baina bereziki adinekoei, gaixotasun kronikoak dituztenei, erietxetan daudenei eta 4 urtetik beherako haurrei. Horiek bereziki zaintzeko gomendatzen da Osasun Sailetik.

  Biharko abisu horia eman du Euskalmetek, 37-38 graduko tenperatura aurreikusten baita Debagoienean. Baina ostegun-ostiralerako are eta altuagoak izan daitezke. Muturreko tenperaturak egunetan errepikatzeak gainera beroa jasangaitzagoa egingo du.

  Halakoetan ura etengabe eta egun osoan edatea aholkatzen da, baita egarririk gabe ere, izardiagatik galdutako berreskuratzeko. Janari arinak eta barazki eta fruta gehiago jatea ere gomendatzen da, gantz edo koipe askoko janariak baztertuz. Bero gutxieneko uneak aprobetxatu etxeak freskatzeko, eta norbera freskatzeko berriz, gorputza ur hotzez bustitzea. Eguzkitan egotea saihestu eta kalera irten behar bada ondo babestu, txapela, eguzkitako betaurrekoak eta azala babesteko produktuak emanez. Ez egin ariketa edo ahalegin fisiko handirik gehien berotzen duen ordutan eta eguzkitan lan egiteko beste erremediorik ez dutenei, burua txapelaz estalita eta arropa arin eta transpiragarriarekin egitea gomendatzen zaie.

  Norberaren burua ez ezik, inguruan dauden pertsona kalteberak ere bereziki zaintzea eskatzen da Osasun Sailaren planean, hau da, arreta berezia jartzea ume txikiei, adineko pertsonei eta gaixo daudenei.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!