Berez garbitzen den komun baten hornidura eta instalazioa adjudikatzea eta Oñatiko turismo diagnosia, gaurko Tokiko Gobernu batzordean aztergai

2019/12/12
Card image cap

  Lau enpresa aurkeztu dira berez garbitzen den komun baten hornidura eta instalazio lizitaziora. Kontratazio mahaiak lau eskaintzak aztertu eta baloratu ditu eta adjudikazio proposamena helarazi dio gobernu taldeari erabakia hartu dezan. Lizitazio prezioa 42.350 eurotan mugatu zuen udalak eta hornidura epea berriz, bost astetan. Eskuratu asmo den erabilera publikoko komun irisgarria Torreauzo eta Madalena arteko bidegorriaren alboan kokatuko da, Munazategi inguruan. Horrela, Partaidetzazko aurrekontuak prozesuan herritarren gehiengoaren eskaera izan zena beteko da. 

  Oñatiko turismo diagnosia egitearen proposamena ere aztergai izango da arratsaldeko Tokiko Gobernu Batzarrean. Horrezaz gain, KABIA erakunde publikoak egindako eskaeraren berri emango zaio gobernu taldeari; San Martin egoitzaren eskualdatzean hitzartu gabe geratu ziren plazen likidazioa eskatu du KABIAk.

  Txanda Dendarien elkarteak bere aldetik, Gabonetan kaleak musikaz girotzeko eskaera egin du. Denda inguruak eta hauek zabalik dauden egun eta ordutan jarriko da martxan propio muntatuko den soinu instalazioa. Egunero, hiruzpalau orduz izango da musika kalean, goiz eta arratsaldeko ordutegian banatuta. Baina dendak zabalik dauden egunetan soilik eta herriko merkataritza sustatzeko bitarteko moduan. Zapatu arratsaldetan eta jaiegunetan ondorioz ez da musikarik izango, Gabonak girotu bai baina herritarrak ez nekatu edo gogaitzeko. Kale Zaharrean, Kale Barrian, Portu, Lazarraga eta Ramon Irizar kaleetan jarriko diren bozgailuak abenduaren 16an jarriko dira martxan, urtarrilaren 5era arte, astelehenetik larunbat eguerdira arte.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!