Berbalagun egitasmoan izena emateko epea zabalik dago, azaroaren 12ra arte

2021/11/04
Card image cap
Berbalagun talde bat, 2019an
Euskaraz lasai berba egiteko lagun giroko taldeak sortzea da helburua

  Aurten ere, aurreko urteetan moduan, BERBALAGUN egitasmoa martxan jarriko da euskaraz berba egiteko samurtasun gutxi duten herritarrei konfiantzazko eta lagun arteko giroan euskara praktikatzeko aukera emanez. Hau da, poliki-poliki euskaraz bizitzen hasteko bitartekoa eskainiz.

  Talde txikitan euskaraz berba egiteko aukera ematen duen proiektua da Berbalagun. Horretarako, euskaraz normaltasunez jarduten dutenak eta euskaldun berriak, edo halako erraztasunik ez dutenak, elkartzen dira. Parte hartuko dutenei, astean behin ordubetez gutxienik elkartzeko konpromisoa eskatzen zaie.

  Egitasmoa, euskaraz komunikatzeko gutxieneko maila dutenei zuzenduta dago: euskara ikasten ari direnentzat edota aritu direnentzat; euskaraz ondo berba egin arren Oñatira bizitzera etorri eta bertako euskalkia praktikatu nahi dutenentzat edota euskaraz berba egiteko erraztasuna galdu dutenentzat. Laguntzaile izateko berriz, euskaraz naturaltasunez aritzen direnei zuzentzen zaie egitasmoa. Parte hartzeko interesa dutenek, izena euskaltegian eman behar dute, azaroaren 12ra bitartean. Bertatik pasaz edo telefonoz deituta honako zenbakira: 943 782 496.

  Berbalaguna egitasmoa 2013ko apirilean jarri zen martxan gurean eta azken bi ikasturteetan nahikoa zailtasunekin gauzatu da, osasun larrialdia tarteko. Baina aldi berean ekimen berriak sortu ziren iaz berbalagun dinamika baliatuz, Hikalagun taldeak alegia.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!