Oñatiko udala

Behartsuenei laguntzea, tokiko merkataritza indartzea eta kirola sustatzea dira jeltzaleen lehentasunak 2016ko udal aurrekontuetarako

2015/12/10
Card image cap

  EAJ-PNVko Udal Taldeak 2016ko aurrekontuetarako aurkeztu dituen proposamenak azaldu ditu. Proposamen hauek 4 ardatz estrategikoen baitan egituratu direla zehaztu du Miren Elgarresta bozeramaleak: garapen sozioekonomikoa sustatzea, herri lagunkoia eta osasuntsua eraikitzea, pertsona behartsuenak babestea eta Oñati herri hezitzaile bilakatzea. Baina Elgarrestak azpimarratu du, behartsuenei laguntza eskaintzea, tokiko merkataritza indartzea eta kirola sustatzea direla  Euzko Alderdi Jeltzalearen lehentasunak. Honen harira, bozeramaileak adierazi du, proposamenak lantzeko garaian, herritarrek egindako eskaera eta iradokizunak kontuan hartu dituztela. 

  Garapen sozioekonomikoa sustatzeko lehen ardatz estrategikoaren baitan, jeltzaleek hiru proposamen egin dituzte. Alde batetik, leihatila bakarra deritzona sortu nahi dute. Helburua, ekintzaile, enpresa nahiz autonomoei laguntza eskaintzea litzateke, fiskalitate, kudeaketa eta laguntzei dagokienean bitarteko guztiak bilduz. Bestetik, EAJ-k ekintza turistikoak sortzea proposatzen du, Oñatiko alde zaharra ezagutzeko interesgarriak diren ibilaldiak antolatuz, turismoa sustatu eta bertako ostalaritza eta merkataritza indartuz. Azkenik,  basoen ustiapen ahalmena aztertzeko ikerlan sakona egitea proposatu dute jeltzaleek.

  Pertsonentzat herri lagunkoia eta osasuntsua sortzea xede duen bigarren ardatz estrategikoan, ekipamendu eta hirigintza ekimen desberdinak eraikitzea proposatzen da, hara nola,  ziklismo entrenamenduetarako indoor  espazio bat egokitzea, Zubikoa kiroldegian paddle pistak eraikitzea eta igerilekua handitzeko ikerketa lan teknikoak egitea eta Urrutxu eta San Martineko eremuak, kirol zerbitzuen erabilerarako egokitzea. Era berean, Oñatiko energia plan jasangarria diseinatzea proposatu dute. Horrezaz gain, Herribus herri-garraio zerbitzua ezartzea eta auzoetako bizilagunentzat berriz,  Landabus izeneko garraio zerbitzua ezartzea proposatu dute jeltzaleek, besteak beste.

  Hirugarren ardatz estrategikoaren baitan EAJ-k behar handiak dituztenen babesa eta laguntza bermatzeko neurriak proposatu ditu. Bertako merkataritzan kontsumitzeko bonu-sozialen bitarteko laguntza sistema sustatzea proposatzen dute, Oñatiko Emakumeen Gizarte Batzordea martxan jartzea eta Oñatiko historian aitzindari izan ziren emakumeen biografia berreskuratzeko beka sortzea. 

  Azkenik, laugarren ardatz estrategikoa, hezkuntza, kultura, euskara eta gaztediaren arloek osatzen dute. Honen inguruan,  Oñati Herri Hezitzaile izan dadin sustatuko duten ekintza plana gauzatzea proposatzen dute jeltzaleek. Beste ekimenen artean, 13 eta 18 urte bitarteko gazteentzat, euskarri digitaletan oinarritutako irakurketa elkarte bat sortzea eta , gazteei laguntza ekonomikoak eskaintzea beren lokalak egokitzeko.

  Horiek guztiak, jeltzaleek 2016ko udal aurrekontuekiko egin dituzten proposamenak dira. Gaia, datorren astean, hilaren 18an egingo den Osoko Bilkuran eztabaidatuko da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!