Oñatiko udala

Batasunerako deia egin zien Iñigo Ucinek Ulmari eta Oronari eta taldea uztea ez diola inori mesede egiten esan zuen

2022/11/16
Card image cap
Ulma eta Oronako ordezkariak ez ziren joan atzoko Kongresura

  Ez Ulma taldeko ez Oronako ordezkariak ez ziren izan Mondragon Korporazioaren Kongresuan, atzo goizean, Donostiako Kursaalean. Eta Batzarreko aztergaietan ere ez zen Mondragon taldean jarraitu ala ez eztabaidatzen ari diren bi kooperatiben auzia jaso. Baina ondoren, Mondragon Korporazioko presidente Iñigo Ucinek prentsa agerraldia egin zuen eta han bai, bi kooperatibetan zabalik duten barne prozesuaz berba egin zuen. Elkarrekin indartsuagoak direla eta Mondragonetik irteteak ez diola inori mesede egiten esan zuen Iñigo Ucinek.

  Ulma eta Oronaren eta bertako pertsonen etorkizuna hobea izango da kooperatiba-taldean jarraitzen badute esan zuen Ucinek, balio berberak partekatzen dituztela argudiatuta, eta lankidetzarako benetako aukera asko daudela adieraziz. Gero eta konplexuagoa eta ziurgabetasunez beteta dagoen munduan elkarrekin indartsuagoak direla azpimarratu zuen Mondragon korporazioko presidenteak agerraldian, hitz egiten jarraitzeko erabateko prestasuna dutela gaineratuz.

  Ulmak eta Oronak hasitako prozesuaren harira, hiru alderdi azpimarratu zituen Ucinek atzoko agerraldian: bi enpresek ireki dituzten prozesuei buruzko jakinarazpen ofizialik ez dutela izan, etorkizuna elkarrekin ikusten jarraitzen duela eta Mondragonek beti errespetatu duela bi kooperatibetako bazkideen kolektiboaren erabakia.

  Aipatu prentsa agerraldia, esan bezala, Mondragon Korporazioaren urteko batzarraren ondoren egin zen. Ulma eta Oronako ordezkariak ez ziren Kongresura joan.

Iturria: Oñati Irratia

 

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!