Oñatiko udala

Baserri auzoetan hasi dira jaixak antolatzen

2022/03/28
Card image cap
Olabarrietako jaixak, 2014an (Arg: Goiena)
Araotz auzoak jaiak ospatzeko baimena eskuratu berri du eta Olabarrietatik behin behineko egitaraua zabaldu dute

  Covid-19ak gure egunerokoa baldintzatu du azken bi urteetan eta, besteak beste, jaixak etenarazi ditu. Herri guneko zenbait auzotan jaiak formatu berritara egokituta baina ospatu-ospatu dira, ez ordea, baserri auzotan. Baina landa eremuko auzoetan ere jaixak bueltan dira, araoztarrek Trinidade jaiak ospatzeko udal baimena eskuratu berri dute eta Olabarrietan ere, behin behineko jai egitaraua gertu dute.

  Araotzen ekainaren 11 eta 12an auzo jaiak ospatzeko baimena alkate dekretuz eman da. Egitarau konkreturik ez da zehaztu baina jaiak antolatzeko baimena ez ezik, udalaren eszenatoki txikia eta hainbat mahai eta aulki ere eskatu ditu Araozko auzo alkateak. Baina herriko lehen auzo jaiak Olabarrietan ospatuko dira apirilaren 29tik maiatzaren lehena bitartean. Ohiko osagaiak berreskuratu asmo ditu Olabarrietako jai batzordeak: kontzertuak, auzo bazkaria, pelota txapelketa, haurren dantza saioa edo mus txapelketa, besteak beste. Baina egitaraua, esan bezala, behin behinekoa da oraindik.

  Auzoetako jai batzordeetako kideak lanean hasita daude eta, gauzak ondo, aurten jaiak kale auzoetan ez ezik baserri auzoetan ere ospatuko dira.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!