Barrakak ia prest daude bihar martxan jartzeko

2023/06/01
Card image cap
Korpusetan eta San Migeletan hamaika-hamabi kaseta eta aparatu izango dira plaza ondoko jolaslekuan

  Herriko bi jai-garai nagusitan etorriko diren ferialariekin zuzenean negoziatu da. Herritarren eskaerak, adin ezberdinetarako eskaintzen arteko oreka, barietatea, beste herri batzuetan dituzten konpromisoak edota plazaren eta aparagailuen neurrien arabera zehazten da Oñatira udaberrian eta udazkenean ekarriko diren barrakak. Korpus jaietarako hitzartutakoak herrian daude eta azken ukituak ematen ari zaizkie bihar martxan jarri ahal izateko.

  Txurreria, 4 kaseta eta 7-8 aparatu mekaniko izango dira herriko bi jai garaitan etorriko direnak. Udalak, 10.220 euro jasoko ditu guztira, zoru publikoa okupatzeagatik udal tasa kontzeptuan. Ferialariekin udal tasa ez ezik beste hainbat puntu ere adostu dituzte Kulturako ordezkariek: txartelen prezioa, bidaiaren iraupena, idatzizko eta audio mezuen hizkuntza...

  Gutxienez bi minutu eta erdi iraun beharko duen bidaiaren txartela 2 eurotan salduko da eta 6 bidaietako bonoa berriz, 10 eurotan. Korpusetan etorri ohi den Jumping aparatuaren berezitasuna gogoan, 3 euro kobratzeko baimena dauka. Baina larunbatean, ekainaren 3an, prezioak euro bat merkeago izango dira. San Migeletan, irailaren 24an merkatuko dira barraketako txartelak. Era berean, barraketako argiak eta soinu ekipoak bi orduz itzaliko dira ekainaren 10ean, eta irailaren 23 eta urriaren 1ean, aniztasun funtzionala duten haurrak gogoan. Halako estimulu intentsuek traba egin eta oso urduri jartzen dira. Bi orduko etenaren bitartez gizartea sentsibilizatu nahi da.

  Barrakak plaza ondoko jolaslekuan dauden bitartean, ferialarien karabana eta atoiak Garagaltza auzoko ULMA alboko aparkaleku publikoan utzi beharko dira.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!