Bakarrizketak, aire libreko film emanaldiak, musika kontzertuak, familientzako ikuskizunak eta bertso saioak antolatu dira ekaina eta uztailerako

2020/05/29
Card image cap
Esku-llt-ura egitarau-orria etxeetara banatuko da datorren astean

  ESKU-LTU-RA Kultura eskura programa osatu du Udalak ekaina, uztaila eta abuzturako antolatu dituen ekintzak bilduz. Ekintza gehienak aire librean egingo dira, espazio ezberdinetan, eta guztiak doan izango dira. Aforoa mugatua izango denez txartelak aurrez eskuratu beharko dira www.oñati.eus edo Txokolateixan. Gaur bertan jarriko dira eskuragarri lehen ekintzetarako sarrerak.

  Udal zerbitzu ezberdinek aurrez hitzemanda zituzten kultur ekitaldiak mantentzen saiatu dira, nahiz eta lekua egokitu behar izan duten. Eta uztaila-abuztuan egin ohi zen KALEAN egitasmoaren espiritua gordetzen ahalegindu dira, ekitaldiak espazio irekietan programatuz.

  Egitaraua datorren ostiralean, ekainaren 5ean hasiko da Barry Manley-ren euskarazko bakarrizketa saioarekin. Hilabete beranduago, uztailaren 5ean, EL CHEF artistaren gaztelerazko bakarrizketa izango da. Plaza ondoko pilotalekuan izango diren aire libreko film emanaldiak ere bi izango dira: ekainaren 12an LA MUJER DE LA MONTAÑA filma proiektatuko da eta 19an, BLACK IS BELTZA.

  Udal liburutegiak aurrez kontratatuta zituen bi ekitaldi ere berreskuratu dira Kultura eskura egitarauan: ekainaren 10ean, Virginia Imazek eta Inma Merinok dinamizatutako Tuppersex eta ipuin erotikoak emakumeentzako lantegia egingo da eta 18an, berriz, Amets Arzallus eta Ibrahima Balderen MIÑAN liburuaren gaineko literatur solasaldia. Biak zine aretoan izango dira.

  Musika nagusi da Esku-ltu-ra egitarauan: Musika banda eta txistularien emanaldia iragartzen da ekainaren 14rako, Ganbara eta Hots abesbatzena 26rako, Herrixa kantuan 27rako eta uztailean berriz, Dama Beltzak taldearen kontzertua 8an, Ainhoa Larrañaga eta banda, 17an, Musika banda berriro uztailaren 19an eta Bizarro eta Sharon Stoner herriko taldeen kontzertua Streaming bidezko proiekzioan, uztailaren 30ean.

  Badira bestelakoak ere: bertso saioa uztailaren 19an, Eleder magoa 26an eta familientzako kale ikuskizunak ere; Shakti Olaizolaren Baldin bada uzatilaren 1ean eta Zirika zirkus taldearen Zinemaz blai abuztuaren 30ean.

  Esku-ltu-ra egitarau-orria etxeetara banatuko da datorren astean. Egitarauak aldaketak izan ditzake momentuko osasun egoeraren eta eguraldiaren arabera, gehienak, aire librean programatu baitira esan bezala. Ekitaldi guztietan aforoa bereziki zainduko da eta ikusleak jesarrita egon beharko dute, euren arteko distantzia gordez.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!