Bakardadeko Ama kalea trafikora itxita dago, ur hoditeria aldatzeko lanak hasi baitituzte

2018/03/27
Card image cap
Kalea 8:00tatik 18:00tara itxiko da egunero

  Gipuzkoako Urak enpresa ari da Bakardadeko Ama kaleko ur hoditeria aldatzeko lanak egiten. Lanok orain 15 egun hasiko zirela aurreratu zen baina Olakuan egiten ari ziren lanek pentsatu baino luzeago jo dutenez, erdigunekoak atzeratu beharrean izan dira. Atzo amaitu zuten Olakuan irekitako zangak itxi eta asfaltatzen eta bertan ziharduten langileak Bakardadeko Ama kalean ari dira.

  Ur edangarriaren hoditeria aldatzeko Bakardadeko Ama kalea zulatzen hasi dira jada. Egungo hodiak burdin urtuzko fundizioko hodiez ordezkatuko dira. Lanak errepidearen ezkerraldetik egiten ari dira. Ondorioz, oinezkoek eskumaldeko espaloitik joan beharko dira lanak amaitu bitartean. Baina ibilgailuek, esan bezala, 8:00tatik 18:00tara bidea itxita izango dute, bai gaur eta baita bihar ere. Aste Santuko jai egunetan zuloak txapaz estali eta kalera trafikorako irekiko da eta datorren asteartetik aurrera, atzera, itxiko da.

  Errekaldetik edota Euskadi etorbidetik doazen ibilgailuek Maibi denda aurrealdean egokitu den behin behineko errotondan buelta hartu beharko dute Euskadi etorbidera berriro bideratzeko. Hori, lanen lehenengo fase honetan. Bakardadeko Ama kaleko lanok bi fasetan egingo baitira trafikoari dagokionean: gaurtik aurrera Urtxin loradendatik Aker taberna pareraino egingo dira eta kalea tarte horretan itxiko da eta ondoren, Aker paretik Txaketua pareraino egingo dira. Bigarren fase horrek trafikoan ere eragingo du baina zehaztapenak aurrerago jakinaraziko dira. Gipuzkoako Urak enpresak Bakardadeko Ama kalean egingo dituen lan hauek bi hilabeteko epean amaitzea aurreikusten da.

  Ur hoditeria berritzeko zorua zulatuko dela aprobetxatuko du udalak argiteria hodi berriak sartu eta kaleko argi puntuak ere aldatzeko.  132 metrotan, PVCzko 2 hodi sartuko dira eta 11 arketa egingo dira. Bide batez, luminaria zaharrak energetikoki eraginkorragoak diren berriengatik aldatuko dira. Amaieran, gainera, Sabadell-Guipuzcoano banketxe atzealdeko espaloia zabalduko da Portu kaletik doanari jarraipena emanez.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!