Bainuetxeetako egonaldien 2017ko programan izena emateko epea ireki du IMSERSOk

2016/12/27
Card image cap
Gizarte Segurantzako pentsionistei edota 55 urtez gorako alargunei zuzenduta dago eskaintza

  IMSERSOren termalismo programan parte hartu nahi duten herritarrek, eskaerak aurkeztu ditzakete jada. Informazioa eta eskaera orriak www.imserso.es atarian eskuratu daitezke eta zalantzaren bat izanez gero, honako telefonora deituta: 901 109 899. Eskaera orriak beteta berriz, Madrilera, Imsersora bertara bidali behar dira ohiko posta zerbitzuaz edota elektronikoki.

  Bainuetxeetako egonaldia egin nahi den garaiaren arabera, eskaerak egiteko bi epe bereizten dira: otsailetik abuztura bitartean joateko asmoa duten lagunek, izena, urtarrilaren 13a baino lehen eman behar dute; irailetik abendura joan ahal izateko berriz, maiatzaren 12a baino lehen.
Bainuetxeetara joateko programa hau, jubilatu edo ezgaitasunen bat tarteko pentsionista direnei zuzenduta dago. Alargunen kasuan 55 urte beteta izatea da bainuetxe programan parte hartu ahal izateko jarri den baldintza. Eskatzaileen bikoteek ere parte hartu dezakete, kasu honetan ez da baldintza berezirik bete behar.

  Bainuetxe programa, otsailetik abendura luzatuko da, esan bezala. Interesatuek, estatuko 106 bainuetxeetako bat aukeratzeko bidea dute, hurbilenak, Zestoakoa eta Bizkaiko Areatza eta Karrantzakoa dira. Lekuan lekuko egonaldiek prezio ezberdina dute, garaiaren arabera eta egun kopuruaren arabera ere bai, egonaldia, 10 edo 12 egunekoa izan baitaiteke. Egonaldi merkeenak, 231,40 eurokoak dira eta garestienak 471.80 eurokoak. Prezioan, pentsio osoko egonaldia, bainuetxeko medikuek egindako azterketa eta hauek finkatutako terma tratamendua sartzen dira. Balneariorako bidaia berriz, eskatzaileak bere kontura egin behar du. Bainuetxeetako egonaldien programa honetan izena emateko, norberaren osasun egoeraren berri ematen duen zinpeko agiria aurkeztu behar da.  

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!