Bagabiltz proiektuaren berri emango da gaur Gasteizen, Eskola Bideak Salburuan lantaldeak gonbidatuta

2021/06/16
Card image cap
Haurren autonomia eta mugikortasun segurua sustatzeko egitasmoa da Bagabiltz

  Udala eta herriko ikastetxeak elkarlanean landu eta gauzatzen ari diren egitasmoa da Bagabiltz. Helburua, haurren autonomia handitu, sedentarismoa saihestu eta, aldi berean, mugikortasun segurua sustatzea da. Proiektu honen baitan hainbat ekimen gauzatu dira azken urteetan: ikaskideak eskolarako joan-etorria elkarrekin egiteko juntalekuak zehaztu dira, ibilbideak seguruagoak bihurtzeko zebrabide berriak markatu eta zenbait oztopo kendu dira, ikastetxe aurreko espazioak oinezkoentzako egokitu dira eta bizikleta eta patinete aparkalekuak jarri dira ikastetxe atarietan, besteak beste. Izan ere, eskolarako joan-etorriak modu jasangarri baten egitea baino gehiago baitago Bagabiltz proiektuaren muinean: herrigintza, elkarlana, partaidetza, hausnarketa, eraldaketa…

  Oñatin azken urteetan garatzen ari den proiektu honek interesa sortu du bai Euskal Herrian baita estatu mailan ere, eta tarteka jo da udal teknikari eta ordezkari politikoengana, informazio eske, edota Oñatiko esperientzia azaltzeko gonbidapenak luzatzera. Orain, gonbidapena, Gasteizko Salburuatik iritsi da Eskola bideak deitutako lan taldetik. Auzoko umeak eskolara modu autonomoan, konfidantzaz eta segurtasunez joan daitezen lanean ari dira eta beste herri batzuetan martxan diren ekimenak ezagutu nahi dituzte. Horren haritik Oñatira jo dute.

  Iñaki Akizu udaleko hezkuntza teknikariak eta Jose Fran Cid eta Ainhoa Ugalde proiektuaren aholku taldeko kideek Oñatiko esperientzia azalduko dute: Bagabiltz-Oñati. Herria haurren ikuspegitik eraldatzen izenburuko hitzaldian. Formatu telematikoan egingo da, 18:00tan hasita.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!