Bagabiltz-Eskolako bidea programaren 2022ko plangintza onartu du Udalak
Bagabiltz-Eskolako bidea egitasmoan aurrera egiteko hiru enpresa edo elkarteri proposamenak aurkeztea eskatu zien Udalak. Bakarra presentatu zen, Ainhoa Ugalde eta Jose Fran Cid aholkulari taldea. Hain zuzen ere, Oñatiko egitasmoa oso hurbiletik ezagutu eta aurrez dinamizatzen aritu dena.
Ugalde-Cid taldeak aurkeztutako 2022ko plangintzak orain arte egin diren hainbat lanen jarraipena jasotzen du, hara nola, bizikleta aparkalekuen eta patineteen jarraipena eta kudeaketa eskola inguruetan edo Covid-19ari aurre egiteko espazio publikoan egindako eraldaketen jarraipena. Baina aldi berean, egitasmo berriak proposatzen dira: bizikleta eta patinetearen erabilerari buruzko datuak eta aholkuak bilduko dituen esku orria sortzea; mugikortasun segururako hezkuntza programari buruzko bideo bat grabatzea; mugikortasun inklusiboa sustatzeko aukerak aztertzea eta bizikleta mugikortasuna eta generoa lantzea bigarren hezkuntza mailan.
Udalak 2014an onartu zuen hiri mugikortasun iraunkorreko planaren baitan, mugikortasuna eta hezkuntza atala jaso zen, gaia ikastetxeekin elkarlanean jorratzeko helburuz. Hortik etorri zen 2016an martxan jarri zen Bagabiltz-Eskolako bidea programa.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!