Oñatiko udala

Babes neurrien arintzeak eta aztarnarien lan motelak bereziki kezkatzen ditu herriko eskoletako ordezkariak

2021/11/26
Card image cap
Hiru egunetan Oñatiko Covid kasuak bikoiztu egin dira

  Astelehen eta ostegunetan kaleratu ohi ditu Osakidetzak Covid-19 positiboen datuak, herririk herri. Oñatiko intzidentzia metatuta 209 zen astelehenean, eta atzo berriz, 427; astelehen eta astearte bitartean 25 positibo antzeman ziren gurean.

  Datu horiek ikastetxeetan galdetzera eraman gaituzte eta guztietan positibo emandako ikasleak eta ondorioz konfinatu beharrekoak ere badituztela adierazi digute. Baina iazko ikasturtearekiko aldea adinean dago, bigarren hezkuntzako ikasleen artean apenas dagoelako positiborik. Urgain-Errekalden txikienek sortu dute kezka, nagusiki, maskararik eramaten ez dutenak, alegia. Haur hezkuntzan 25 ume konfinatuta dituztela adierazi digute. Txantxiku ikastolan berriz, LHko 5. mailan gela bat itxita dute eta adin buelta horretako ikasleen artean antzematen ari dira positibo eta konfinatu beharreko kontaktu zuzen gehien. Elkar Hezin, azkenik, kasu positiboak eta konfinatuak maila eta talde ezberdinetan sakabanatuta daudela adierazi digute.

  Baina Covid-19 positiboak beste gaixotasun batzuekin agertzen ari dira; angina, bronkiolitis eta arnas aparatuko beste gaixotasun batzuek agertu dira, iaz ez bezala. Maskararen erabilera erlaxatu izanari egozten zaio halakoak itzuli izana. Alde horretatik, ikastetxeetan protokoloan jasotako autobabes neurriak zorrotz betearazten ari direla adierazi digute: maskara jantzita, distantziak gordeta, gela eta aretoen aireztapena zainduta eta gel hidroalkoholikoaren erabilera bultzatuz bereziki. Baina eskoletatik jakinarazitako positiboen jarraipenean gertatzen ari diren atzerapenak bereziki kezkatzen ditu, aztarnarien deiak 3-4 egunera jasotzen ari direlako positiboen gertukoek eta kontaktu zuzen horiek isolatu daitezen eskatzeko ahalmen edo aginterik gabe daudelako ikastetxeak. Alde horretatik desbabestuta ikusten direla adierazi digute guztiek.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!