B2 mailako euskara egiaztagiria udal euskaltegian eskuratu ahal izango da datorren ikasturtean

2017/05/22
Card image cap
Euskaltegiko langileak egaiaztagintza lantzen eta eskolako curriculum berria osatzen ari dira

  Udal euskaltegiak ikasleen euskara maila ofizialki egiaztatzen duten zentroak dira. Oñatikoan oinarrizko mailak egiaztatu dituzte orain arte: A1 eta A2 eta B1. Datorren ikasturtean berriz, B2 maila ere egiaztatu ahal izango da, administrazioan bigarren hizkuntza eskakizunaren edo hezkuntzan PL1 denaren parekoa.

  Euskaltegietan matrikulatuta dauden ikasleei ebaluazio jarraituaren bidez egiaztatzen zaie barneratzen doazen hizkuntza maila. Baina HABEtik ere jarraipen eta kontrolak egiten dira zentro guztietan irizpide bateratuak bete daitezen. Irakasleek egiaztagintza landu behar dute eta Oñatiko euskaltegiko plantillak horretan dihardu ikasturtea, B2 maila hori nola egiaztatu aztertu, kontrastatu eta ziurtatzen.

  Aldi berean, euskaltegiaren curriculum berria ere osatzen ari dira. Aurrekoa 2002an egin zen eta jakinekoa da 15 urtean euskararen irakaskuntza eta gizartearen beharrak asko aldatu direla. Horretara egokituz osatuko da hurrengo 10-15 urterako curriculuma. Ikasturte berriari hasiera ematerako, irailaren 30erako aurkeztu beharko dute eta horretan ere, buru belarri ari dira euskaltegiko langileak.

  Baina barrura begirako formazio eta definizio lan horrezaz gain euskara eskolak eman eta udako planak zehazten ere ari dira, hala, uztailean, ohikoa denez, EGA ikastaroa eskainiko da udal euskaltegian. 80 orduko ikastaro trinko hau ekainaren 29tik uztailaren 28ra egingo da. Interesatuek, izena, ekainaren 1etik 23ra eman ahal izango dute.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!