Azpilletako eta Goiko Bentako ur sareak lotzeko obraren esleipena bertan behera utzi da, ez delako eskaintzarik jaso
Arantzazu auzoan ur hornidura arazoak sarri gertatzen dira, bereziki udan. Auzoa bi ur depositutatik hornitzen da: Goiko Bentakoa eta Azpilletakoa. Santutegi ingurukoak ez diren baserrietara bideratzen da Azpilletako deposituan bildutako ura. Baina egun, Gipuzkoako Ur Kontsortzioak kudeatzen duen uraren ziklo integraletik kanpo dago, eta azken bi urteetan egin diren analisietan ikusi da, bertatik bideratze zen urak ez dituela une oro kontsumorako kalitate irizpide guztiak bete. Horretatik, Udalak, Gipuzkoako Ur Kontsortzioak eta auzotarrek arazoari irtenbidea emango lioken azpiegitura berria egitea adostu zuten, hau da, Azpilletako depositua eta Goiko Bentakoa elkarrekin lotzea.
Goiko Bentako ur-sarea Azpilletako ur-sarearekin lotzeko, egun Zelai Zabal jatetxeko ur hartune ingurutik abiatu eta Zapiarbe baserri ingurura arte hodi berri bat botatako da. Akuegiko Errota inguruan, bi tarte txikitan, errefortzuak egingo dira eta beste zenbait puntutan presioa murrizteko eta trazatuan hobekuntza lanak egitea aurreikusten da. Azpilletako ur-deposituan punpatze sistema berria jarriko da, Mendietxeberri baserria hornitu ahal izateko, eta bide horretan, argindar hartune berria egingo zaio deposituari. Ur-kontagailu guztiak berrituko dira eta Azpilleta ur-andeleko giltza ganberako kolektoreak aldatuko da.
12 astetan egin beharreko lanok 207.492,87 euroko aurrekontuaz lizitaziora atera ziren baina ez zen eskaintzarik jaso eta prozesua bertan behera utzi zen. Ondorioz, aurrekontua errebisatuta, esleipen deialdi berria zabalduko da. Ez da lehen aldia obrak adjudikatzeko Udalak deialdi bat baino gehiago egin behar duela. Lezesarriko oinezkoen bidea egokitzeko lanak bigarren deialdian esleitu ziren. Eraikuntza materialak asko garestitu dira eta lanetarako aurrekontuak estuegiak izaten dira maiz.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!