Azokan, erreka aldera, 3 toldo jarriko dira.
Azokako eraikineko beirazko itxiturak egoera tamalgarri eta arriskutsuan zeuden. Egitura herdoilduta eta beirak apurtuta zeudenez, segurtasuna lehenetsiz, kentzea erabaki zen. Eta hala egin zen abuztuan. Baina erreka aldeko baotan zeuden Itxitura horiek, zapatuetan joaten diren saltzaile eta erosleak haize eta hezetasunetik babesten zituzten.
Orain, neguko hotzak iritsi aurretik, beirak ordezkatuko dituzten toldoak jartzea erabaki da. Toldoak, azokan egun daudenen antzekoak izango dira. Horiek bezala igo eta jaisteko motorra izango dute baina alboetatik, itxiak izango dira, haizerik sartu ez dadin.
Aipatu toldoak, Iraola enpresari eskatu zitzaizkion eta datozen egunetan jasotzea espero da. Iritsi bezain pronto azokan muntatuko dira, ahal dela, hotza hasi aurretik.
Gaur egun 9 toldo daude azoka gunean. Zapatutan, hotza edota euria egiten duenean merkatuko saltzaileak eta bezeroak babesteko jaisten dira baina bestelako ekintza bereziren bat izan denean ere erabili dira.
Erreka kontrako postuek egun duten babes-falta betetzera etorriko dira toldo berriak.
Baina hori ez da azokan egingo den berrikuntza bakarra, ez behintzat Eusko Jaurlaritzari eskatu zaion diru laguntza eskuratzen bada. Azokako argiteria berritzea ere aurre ikusten baita. Egungo 19 fokuen ordez, led teknologiako 20 foku jartzea aurre ikusten da.
Azokagunea osatzeko bi egitasmo hauek Hiri Merkataritzaren Lankidetza, Dinamizazio eta Lehiakortasuna” diru-laguntza programara aurkeztu ditu udalak. Eta Jaurlaritzako diru babesa lortzearen araberakoa izango da biak gauzatu edo bakarra. Toldoak jarri-jarriko dira baina argiteria aurten berritzea, diru laguntza jasotzearen menpe dago.
Iturria: Oñati irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!