Azkoagain futbol zelaiko belar artifiziala berritzeko lanak kontratatzeko prozesua abian da

2022/05/12
Card image cap
Proposamenak egiteko epea maiatzaren 17an amaituko da

  Azkoagaingo futbol zelaiko belar artifiziala aldatu beharra dago. Halako materialak 10 bat urteko iraunaldia dauka baina Azkoagaingoa jarri zela ia 14 urte pasa dira, 2008an aldatu baitzen belar naturala kenduta. Futbol zelaiko zorua egoera txarrean dago, eta ez bakarrik belar artifizialaren bizitza-epea aspaldi bete zelako, drainatze arazoak ditu eta belar azpiko lurrean zuloak ere sortu dira. Arazoa bere osotasunean konpondu nahi du Udalak, Aloña Mendiko futbol sailarekin elkarlanean.

  INJELAN enpresak osatu zuen proiektua gauzatzeko lanen kontratazio prozesua abian dago. Lanak egiteko 13 asteko epe finkatu du Udalak eta aurrekontua berriz, 454.597 euro da, BEZa barne. Baina lanak bi lotetan berezitu dira: belar artifizial berria jartzeko lanak, batetik, eta aurreko prestaketa lanak, bestetik.

  Prestaketa lanen baitan zolarria perfilatu beharko da drainatzeko malda egokia emanez, zelaiko zuloak beteko dira, ureztatze instalazioa konpondu, joko-zelaiko bandetako kanaletak berrituko dira eta kaltetuta dagoen zelaiko horma indartu beharko da. Era berean, zelaiko sare perimetralaren erdia aldatu eta lau masta ere berritu beharko dira. Lan hauetarako 8 asteko epea zehaztu da. Eta hauek amaitu aurretik jada, belar artifizial berria jartzeko lanak hasiko dira, horietarako 6 asteko epea zehaztu duelako Udalak.

  Lanak bi lotetan berezitu dira eta litekeena da bakoitza enpresa ezberdin batek egitea. Baina elkarrekin koordinatuta aritu beharko dute obra garaiz amaitzeko. Futbol denboraldia amaitu eta udako etena probestu nahi du Udalak belar artifiziala aldatzeko lan hauek egiteko. Baina Aloña Mendiko arduradunak ari dira entrenamenduak egin eta, bereziki, denboraldi hasierako partidak jokatzeko beste aukera eta zelai batzuk aztertzen.

  Lanak esleitzerakoan, eskaintza ekonomikoa izango da pisu gehien izango duen aldagaia baina memoria teknikoa, berme epea luzatzea eta obra bukatzeko epea gutxitzea kontutan hartuko dira. Belar artifizialak izan behar dituen gutxieneko baldintza teknikoak ere baloratuko dira.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!