Azken hilabetean Oñatiko 16 langabetu gehiago erregistratu dira Lanbide bulegoan.

2012/03/09
Langabezia tasa ehuneko 8,56an kokatu da, azken krisi honek gogorren jo zuen 2009ko otsaila-martxoko mailan.

  Orain hiru urte, langabezia tasak beste bizpahiru hilabetez gora egin zuen udako hilabeteetan joera pitin bat motelduz. Aurten halakorik gertatuko ote den ikusteke dago, baina urriaz geroztik, lana topatu ezinean dabiltzan herritarren kopuruak gorantz egin du etengabe. Igoerarik handiena, urtarrilean gertatu zen, abenduan baino 103 langabetu gehiagok izena eman baitzuten. Azken hilabetean kopurua ez da hain deigarria izan baina Oñatin 16 langabetu gehiago daude. Aipagarria da, otsailean erregistratu den gizon langabetu berri bakoitzeko, bi emakumezko izan direla.

  Adinari dagokionean berriz, Oñatin izan den igoera 44 urte bitartekoen artean gertatu dela. 45 urtetik gorakoen artean, urtarrila akaberan baino langabetu bat gutxiago izan baita. Orain urtebeteko datuekin alderatuta, hau da, 2011ko otsaileko datuekin alderatuta, langabezia tasak puntu eta erdi egin du gora. Eta kopuru errealetan, 382 langabetu izatetik 457 pasatu da.

  Estatuko enplegu zerbitzuak hilero kaleratzen dituen herrikako estatistiketan, egin diren kontratuen berri ere ematen du. Otsailean zehar Oñatin 178 lan kontratu izenpetu ziren. Horietatik 4 soilik izan ziren behin betiko kontratuak. 12 behin betiko bihurtu daitezkeen kontratatu moduan sinatu ziren baina gehienak, 162, behin behinekoak, tenporalak izan ziren. Egindako kontratuen erdiak industria sektorean egin ziren eta ehuneko 44a, zerbitzuetan.

  Oñatin bezala, eskualdeko gainontzeko herrietan, Eskoriatzan izan ezik, langabeziak gora egin du azken hilabetean.

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!