Oñatiko udala

Azken egokitzapenak egin dira ikastetxe aurrealdeko espazioak oinezkoentzat hartzeko

2021/01/28
Card image cap
Zenbait bide eta aparkaleku ordutegi jakin batean itxiko dira astelehenetik aurrera

  Ikasturte hasieran, eta Covid-19ari aurre egiteko beharrezkoak diren prebentzio-neurriak bermatu ahal izateko, herriko ikastetxeen atarietan oinezkoentzako guneak handitu ziren, aparkalekuak hartuz edo errepidea itxiz. Helburuak bi izan ziren oinarrian: ikastetxerako sarrera eta irteerak ahalik eta arinenak eta mailakatuenak izatea, pilaketak saihestuz eta segurtasun-distantzia errespetatuz, eta ikasleen eta hezkuntza-komunitate osoaren mugikortasun seguru, autonomo eta jasangarria erraztu eta sustatzea.

  Proba ezberdinak egin dira eta neurriak doitzen joan dira. Astelehenetik aurrera, otsailaren 1etik aurrera, behin betiko egokitzapenak indarrean jarriko dira. Aldaketa nagusiak Arantzazuko Ama kalean eta Elkar Hezi ikastetxearen aurrealdeko errepidean eta Urgain-Errekalde aurrealdeko aparkalekuan izango dira, aurrerantzean, ordutegi baten arabera itxiko baitira biak.

  Elkar Hezi ikastetxerako sarrera-irteerak antolatzeko Arantzazuko Ama kalearen zati bat itxi egin da eskola ordutegian; astelehenetik aurrera, sarrera eta irteera ordutegiaren arabera bakarrik itxiko da, 20 minutuz, aldiko. Hau da, goizean, 8:25etik 8:55era eta 12:10etik 12:30tara eta arratsaldez, 14:15etatik 14:35etara eta 16:25etatik 16:45etara. Ordutegi horretatik kanpo Arantzazuko Ana kalea trafikorako irekita egongo da.

  Urgain-Errekalden berriz, ikastetxe sarrera pareko aparkalekua hartu izan da espazioa handitzeko. Aparkalekua guztiz itxita mantendu da astelehenetik ostiralera. Baina aurrerantzean 8:00tatik 17:15etara itxiko da bakarrik. Horrek esanahi du aparkalekua arratsalde eta gauez erabilgarri egongo dela, beti ere, 17:15etatik 8:00tara.

  Txantxiku ikastolan HH-LH eraikinaren aurreko aparkalekua oinezkoen eremu bihurtu zen, espaloia zabalduz, eta aldaketa berririk gabe halaxe mantenduko da aurrerantzean ere.

  Aldaketa guzti hauek udalak eta ikastetxeek elkarlanean adostu dituzte eta Covid-19ari aurre egiteko segurtasun baldintzak hobetzeko helburuz egin dira, baina gaia 2018tik lantzen ari dira Bagabiltz-Eskolako Bidea egitasmoaren baitan.          

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!