Avanza taldeko langileek grebara deituta dute bihar, etzi eta astelehenerako

2023/05/25
Card image cap
Gutxieneko zerbitzuen ordutegiak Lurraldebuseko web atarian argitaratu dira

  Ibilgailuen mantentze-lan eskasa salatzeko eta langile eta bidaiarien segurtasuna eskatzeko hiru eguneko lanuztea deitu dute Avanza taldeko langileek. Lanuzteak bihar, etzi eta astelehenean egingo dira, maiatzaren 26, 27 eta 29an. Debagoienean, Lurraldebuseko herrien arteko eta hiriburuetarako autobus zerbitzuei eragingo die grebak.

  Enpresaren utzikeria salatzen dute langileek eta autobusen mantentze-lan faltak gidari eta erabiltzaileen segurtasuna arriskuan jartzen duela diote. Azken egunetan ibilgailuen ikuskapenak egin dituzte Foru Aldundiko teknikoek. Izan ere, Avanza Movilidad Gipuzkoa S.A konpainiak Lurraldebuseko emakida dauka Debagoienean eta Donostia Bilbo eta Gasteizekin lotzen dituen lineatan. Hiru eguneko lanuzte hauen berri eman zenean, Diputaziore deitu ziren langileak eta Mugikortasun departamentuko ordezkariekin bilera egin zuten. Orduan jada, ibilgailuen ikuskatzeak areagotuko zituela adierazi zen Aldunditik.

  Baina ELA, LAB eta Aurrera sindikatuek iragarritako hiru eguneko greba deialdiak bere horretan dirau eta Eusko Jaurlaritzak gutxieneko zerbitzuak agindu ditu; zerbitzuen %30a betetzea agindu du. Beteko diren zerbitzu eta ordutegiak zehaztu dira goizean eta Lurraldebuseko eta Pesako web atarietan ikusgai jarri dira.

  Avanza taldeko langileen grebak ez dio eragingo ez herri barruko edo Arantzazuko Herribus zerbitzuari, baina bai Oñati inguruko herriekin eta hiriburuekin lotzen dituen zerbitzuei.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!