Auzoek gutxienez 4.000 euro jasoko dute “Auzotasun” programatik

2021/05/06
Card image cap
"Auzotasuna" programaren baitan berritu zen Leintzeko galtzada zaharraren zatia
Programa garatzeko hitzarmena eguneratu da auzo-alkateen foroan eztabaidatutakoa hobetsita

  2013an sortu zuen udalak Auzotasuna deritzon programa berezia. Oñatin dauden 16 landa auzoetako bizilagunen bizi-kalitatea hobetu, eta auzoaren izaera eta nortasuna indartu nahiz bizirik mantentzeko helburuz sortu zen Auzotasuna programa. Eta urtero 100.000 euro banatu ditu udalak  auzoen artean, beraiek egoki ikusten dituzten jarduerak gauzatu ditzaten. Orain arte, auzo bakoitzean erroldatutako bizilagunen eta baserri kopuruaren arabera banatu izan da dirua, eta aurrerantzean ere hala egingo da, baina auzo bakoitzak, gutxienez 4.000 euro jasoko dituela adostu zen auzo-alkateen foroan, otsailean. Neurria, auzo txikien mesedetan izango da. Erabakiak udalbatzaren aho bateko babesa jaso zuen pasa den asteko Osoko Bilkuran.

  Orain arte 100.000 eurokoa zen urteko partida jaso egin da 106.532 eurora. Era berean, auzo bakoitzak jasoko duen diru kopurua ere eguneratu da. Olabarrieta da diru kopuru handiena jasotzen duen auzoa eta aurten 16.879 euro jasoko ditu. Zubillagak 13.131,  Araotzek eta Larrañak 8.700 inguru, Garagaltzak, 7.186; Uribarrik eta Murgiak 6.000 pasa. Lezesarrik eta Arntzazu ia 6000 eta Berezaok berriz 4.334 euro. Gutxieneko 4.000 euroko ekarpena jasoko dute berriz, Garibai, Goribar, Santxolopeztegi, Torreauzo, Urrexola eta Zañartu auzoek.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!