Auzobideen eta egur kargalekuen kontserbazioa, erabilera eta zaintza arautzen duen ordenantza jendaurrean dago

2023/02/01
Card image cap
30 eguneko epea dago alegazioak aurkezteko

  2022ko azaroaren 24ko bilkuran onartu zuen udalbatzak auzobideen eta egurra kargatzeko leku publikoen erabilera, kontserbazioa eta zaintza arautzeko udal ordenantza, hasiera bateko izaeraz. Orain, ordenantza hori argitaratu eta jendaurrean jarri da 30 eguneko epean, aztertu eta bidezko ikusten diren erreklamazioak eta iradokizunak aurkezteko.

  Udalerriko auzo-bideak edo pistak, gehienetan, auzotarren etxeak elkarrekin lotzeko bideak dira; auzoa herrigunearekin edo bide nagusi batekin lotzeko, edo auzoa herri-mendietako lursailekin lotzeko. Lursail partikularretan sortu ziren eta baserritarrek beraiek auzolanean mantendu zituzten. Aspaldiko erabilera publikoa da bide baten jabari publiko izaera aitortzeko oinarria. Udalari dagokio herri barruko bideetan eginkizun teknikoak eta zaintza eginkizunak betetzea, bide horiek udal titulartasunekoak edo udal administraziokoak badira.

  Auzobideen eta egur kargalekuen erabileraren atalean, erabilera bereziak zerrendatzen dira, aldez aurreko jakinarazpen, mugak eta erabilera berezirako fidantza zehaztuz, besteak beste. Kontserbazio eta zaintza atalean berriz, mantentze-irizpideak eta konponketa lanak aipatzen dira eta horiek auzo-alkateekin batera aztertu eta adostuko direla zehazten da. Erabiltzaileen eskubideak eta betebeharrak, Udalak egingo duen kontrola eta arau-hausteei dagozkien zigorrak ere jasotzen dira  udal ordenantzan. Dokumentua udaleko web atarian kontsultatu daiteke, udaletxean ere bai, eta iradokizun edo zuzenketak egin nahi duenak horretarako aukera dauka, 30 eguneko epean.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!