Auzo-taxi zerbitzua urte amaierara arte mantenduko da

2017/02/06
Card image cap
Herriko taxilariei ekimenera atxikita jarraitu nahi duten galdetuko zaie eta kontratu berriak sinatuko dira

  2016an bost hilabetez indarrean izan den auzo-taxi zerbitzuaren balorazioa egin zen azken Tokiko Gobernu Batzarrean. Guztira 553 bidaia egin dira, ia 4 bidaia eguneko. Zerbitzua, 27 bidaiari ezberdinek erabili dute eta aipagarria da, lau erabiltzaileen artean kopuru osoaren % 60a egin dutela. Bidaiarien adinari erreparatuta, erdiak 26 eta 65 urte artekoak izan dira, 3tik 1 65 urtez gorakoak eta % 19, 25 urtetik beherakoak. Izan ere, hasieratik, adin mugarik ez jartzea erabaki baitzen, nahiz eta adin txikikoek tutoreen baimena behar duten. Auzo-taxi zerbitzurako 2016an gorde ziren 18.000 €tatik, 5000 bakarrik gastatu ziren.

  Datu guzti horiek azaldu ondoren, 2017an auzo-taxi zerbitzuari jarraipena emateko, zerbitzuaren oinarriak onartu eta dagozkion kontratuak egitea proposatu zen osteguneko Tokiko Gobernu Batzarrean. Oinarriei dagokienean ez da aldaketarik egingo: zerbitzua landa auzoetan erroldatuta daudenei eskainiko zaie aurten ere, astelehenetik-ostiralera 7:30tatik 20:00etara eta larunbatetan 9:00tatik 14:00tara. Zerbitzua, landa auzoetatik hiri-gunera eta alderantziz egiten diren bidaietarako izango da soilik eta zerbitzua bermatzeko aldez aurreko erreserba egin beharko da aurrerantzean ere.

  Oñatiko taxilariei guzti honen berri emango zaie eta zerbitzura atxikita jarraitu nahi duten galdetuko zaie. Baiezkoa erabakitzen dutenekin kontratua egingo du Udalak. Izan ere, erabiltzaileek 2 € ordaintzen baitituzte bidaiako eta Udalak, taxilariekin hitzartutako prezioaren gainontzekoa. Taxilariek, egindako bidaien zerrenda eta faktura aurkezten dute hilero udalean eta likidatu egiten da. Auzo-taxi zerbitzuaren lehen 5 hilabeteko esperientzian, herriko taxilari guztiek parte hartu dute.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!