Auzo-taxi zerbitzua emateko kontratazio prozesua bertan behera utzi du Udalak

2021/05/19
Card image cap
Bi taxilariren eskaintzak jaso dira baina hirurenak behar ziren, gutxienez

  Zerbitzua kontratatzeko oinarrietan zehazten zen hori, alegia, herriko taxilari guztiei zuzendutako kontratu eskaintza zela baina aurrera egiteko, gutxienez, hiru taxilarik aurkeztu eta onartu behar zituztela udalak jarritako baldintzak. Bik bakarrik egin dute eskaera eta ondorioz, kontratazio prozesua bertan behera uztea erabaki du Udalak.

  Baina 2016ko ekainean abian jarri zen auzo-taxi zerbitzua oso positiboki baloratzen dute bai Udalak baita erabiltzaileek ere, eta horregatik, zerbitzuari jarraipena emateko dauden aukerak aztertuko dira berriro. Kontratazio prozesu berria burutu bitartean auzo-taxi zerbitzuak bere horretan jarraituko du, hau da, iaz adostutako baldintzetan jarraituko du.

  Auzo-taxia landa auzoetan erroldatuta dauden lagunei eskainitako zerbitzua da, beti ere, baserritik autobus geltokira dagoen distantzia 350 metro baino gehiago bada. Iaz eguneratu ziren tarifen arabera, auzo-taxiaren erabiltzaileak, bidaiako, 3 euro ordaintzen dizkio taxilariari eta udalak 10 edo 15 euro, egindako zerbitzuaren osagarri: 15 euro Arantzazu, Araotz edota Urrexolara joandakoan eta 10 euro gainontzeko landa auzoetara joateagatik. Horretarako taxilariak hilero, edo epea luzatuz gehienera hiru hilean behin, egindako zerbitzuen berri emango dio udalari, erabiltzaileek sinatutako egiaztagiriak aurkeztuta.

  Auzo-taxi zerbitzua astelehenetik ostiralera eskaintzen da, 7:30etik 20:00etara, eta larunbatetan 9:00etatik 14:00etara, abuztuan izan ezik gainontzeko hamaika hilabetetan. Egun 170 auzotarrek dute auzo-taxi zerbitzua erabiltzeko txartela

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!