Oñatiko udala

Auzo-konpostaguneen erabilera egokia bermatzeko oharren bidezko jarraipen sistema jarriko da martxan

2016/03/07
Card image cap
Xehetasunak emateko bilerak egingo dira erabiltzaileekin

  Herrian 7 auzo-konpostagune eta guztira, 44 konpostadore eta erabiltzaile talde daude une honetan. Guztietan ordea, konposta egiteko prozesua ez da  behar bezala betetzen. Hainbat praktika oker ikusi dira eta horiek zuzentzeko asmoz, ohar bidezko jarraipen sistema jarriko da martxan. Hala, praktika okerra ikusten den konpostadorean lehen oharra jarriko da zuzentzeko bidea zehaztuz. Arazoak jarraitzen badu bigarren oharra jarriko da eta hirugarren abisuan jada, konpostadorea aldi baterako itxi egingo da, erabiltzaileak beren hondakin organikoak eskegitoki edo zintzilikarioetara ateratzera behartuz, horretarako dauden egun eta ordutan. Ohar bidezko jarraipen sistema berri honen helburua auzo-konposta modu zuzen eta arduratsuan egiten dela ziurtatzea da. Horregatik, behin behinekoz itxi den konpostadorea ireki aurretik erabiltzaileei auzo konposta egiten jarraitu edo organikoa eskegitokietara ateratzeko aukera eskainiko zaie berriro.

  Auzo-konpostaren inguruan erabilpen egokiaz informazioa berriro gogoratu eta ohar bidezko jarraipen sistemaren inguruko argibideak emateko, bilera informatiboak egingo dira erabiltzaileekin. Lehen batzarrak aste honetan bertan egingo dira. Gaur, Ugarkaldeko auzo-konpostaguneko  A, B eta C konpostadoreetako erabiltzaileekin hitzordua egin da 19.00tarako. Asteazkenean berriz, gune bereko D, E eta F konpostadoreetakoekin bilera egingo da 19.00tan baita ere. Ondorengo asteetan beste gunetako erabiltzaileekin bilera berriak zehaztuko dira. Bilera egun eta orduak gutunez edota mailez jakinaraziko dira. Batzarretara joatea ezinbestekoa izango da.

  Gogoratu bestalde, hondakinak gaika bereizteko kuboak ordezkatzeko materiala udaletxeko harreran jaso behar dela gaurdanik. Kale zaharreko Hondakinen Informaziorako Bulegoa asteazkenean itxi eta gero, materiala udaletxera eraman zen. Aurrerantzean  beraz, apurtu edo galdutako kuboak ordezkatzeko edukiontzi berriak edo oliotarako poteak udaletxeko harreran jaso beharko dira. Horretarako aukera, astelehenetik ostiralera dago arratsaldeko ordutegian, 15.00etatik 20.00tara. 

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!