Auzo-bideen eta egur kargaleku publikoen erabilera arautzeko ordenantzaren tramitazioari dagokion aurretiazko kontsulta ireki du Udalak

2022/04/29
Card image cap
Ekarpenak egiteko epea maiatzaren 24an amaituko da

  Toki erakundeen eskumena da udalaren titulartasuna duten hiri eta landa-bide publikoak antolatu, kudeatu, kontserbatu eta mantentzea. Gipuzkoako udalerri gehienek araututa dute hiri eta landa-bide publikoen erabilera, batez ere, kontserbazio eta mantentze egokiak bermatu daitezen.

  Udala 2012az geroztik ahalegindu da udalerriko auzo-bideen eta egur kargaleku publikoen erabilera arautzen, baina kanon edo tasa eta berme bat ezartzeko aukerak sortu zituzten tira-biren aurrean egitasmoa bertan behera uztea erabaki zuen. Iazko azaroan egin zen auzo-alkate foroan Baso Elkarteak landutako ordenantza eredua aurkeztu zen. Aipatu ordenantzak udalerri guztietarako eredu izateko helburua du. Eredu hori hobetsi zen martxoaren 1ean egindako azken auzo-alkate foroan, kanon edo tasa ezartzeko aukera baztertuta baina bermea jartzeko aukera zabalik utzita.

  Ordenantzaren zirriborroa guztiz bukatu gabe dagoen arren, halakoek eskatzen duten prozedura administratiboari hasiera ematea erabaki du Udalak eta ordeanatzaren tramitazioari dagokion aurretiazko kontsulta epea ireki da herritarren ekarpenak jaso ahal izateko. Kontsulta publikoaren helburua baita herritarren iritzia ezagutzea, bai ordenantzaren bitartez konpondu nahi diren arazoen inguruan, arauaren egokitasun eta helburuez, edota jarraitu litezkeen beste aukera erregulatzaile batzuen inguruan.

  Auzo-bideen eta egur kargaleku publikoen erabilera arautzeko ordenantzaren tramitazioari dagokion aurretiazko kontsultarako eta ekarpenak egiteko maiatzaren 24ra arteko epea finkatu da. Bitartean, ekarpenak egin nahi dituzten herritarrek, dagokien formulario edo orria bete ahal izango dute udaletxeko HAZ bulegoan edo udal webgunean.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!