Autokontsumorako hegazti ustiategien jabeek Foru Aldundian erregistratu behar dituzte
Gipuzkoan bi hegazti-gripe kasu antzeman zituzten basozainek jasotako saien artean, maiatzean. Oraingoz, hegazti basatietan antzeman da gaitza baina ustiategien jarraipena areagotu nahi du Foru Aldundiak hegazti-gripea hedatu ez dadin, eta hala bada, balizko fokuak kontrolpean izateko.
Erregistratu gabeko ustiategien datuak udaletxeetan jakinaraztea eskatu zen iaz eta, aurten, ustiategien erregistroan alta ematea eskatu da Diputaziotik. Bete beharreko erregistroa da 2021eko Errege Dekretu baten arabera, hau da, autokontsumorako hegazti biziak dituzten pertsonek nahitaez eman behar dute alta abeltzaintzako ustiategien erregistro orokorrean. Horretarako Foru Aldundiaren egoitza elektronikoan sartu behar da, tramiteen eta zerbitzuen katalogoan. Arazo edo zalantzaren bat duenak Bergarako eskualdeko nekazaritza bulegora jo dezake.
Oilo edo ahate gutxi batzuk izaki, autokontsumorako hegazti ustiategi asko erregistratu gabe daude gaur egun, oraindik. Baina horien datuak ezagutzea beharrezkotzat jo du Gipuzkoako Aldundiak, biosegurtasun neurri egokiak hartu ahal izateko eta zabaltzen ari den hegazti-gripearen balizko fokuak kontrolpean izateko. Erregistroan alta eman beharreko oharra udalen bitartez zabaldu du Foru Aldundiak eta Oñatikoak auzo-alkateei eta Aloabel elkarteari bidaliko die, beraien inguruan jakinarazi dezaten.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!