Autoa partekatzea eta auzo bideak ez erabiltzea eskatzen du udaltzaingoak GI-2630 errepidean auto-ilarak arintzeko

2021/12/02
Card image cap
(Arg: trafikoa.eus)
Goizean herriraino iritsi dira auto-ilarak

  GI-2630 errepidean, Garibai auzoan, egiten ari diren biribilguneko lanen ondorioz auto-ilarak sortzen dira egunero, bereziki lanerako sarrera-irteera ordutan. Biribilgunearen eraztuna egiteko lanak errepide alboko lursailean egin dira asteetan baina errepidera iritsi dira azken egunotan. Trafikoa bideratzeko semaforoa jarri da eta horrek ilara handiak sortu ditu. Gaur goizean esaterako, herri guneraino iritsi dira auto-ilarak. Egoera okertu duen istripua ere gertatu da goizeko 7:30ak aurretik; bi autok elkar jo dute Oñatitik Zubillagarako bidean. Istripuan pertsona bat zauritu da baina lekuan bertan artatu dute eta ez da ospitalera eraman beharrik izan. Autoak errepidetik baztertu ondoren egin diren garbitze lanek auto-ilarak luzatzea eragin dute goizeko lehen orduetan.

  Baina auto-ilarak, astunagoak edo arinagoak, egunero errepikatzen dira lanerako sarrera-irteera orduetan eta autoan bakarrik joateak arazoa larriagotzen du. Horregatik, ahal den neurrian, autoa partekatzea gomendatzen dute udaltzainek. Era berean, auzo bideak ez erabiltzea eskatzen dute.

  Errepide nagusiko trafikoa saiheste aldera auzo bideetatik joan ohi dira zenbait baina horiek ere arazoak sortzen dituzte, auzo bideak estuak direlako eta ez daudelako trafiko handia hartzeko gertatuta. Ondorioz, arazoak izaten dira GI-2630 errepide nagusian eta baita inguruko auzo bideetan ere. Auzotarren joan-etorria oztopatzeaz gain, balizko larrialdiren baterako bide alternatibo guztiak beteta daude.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!