Auto-karabanentzako aparkalekua mugatu egingo da Arantzazun, asteazkenetik aurrera
Arantzazu eta Araotzerako mugikortasun plan berezia asteazkenean jarriko du martxan udalak, atzo eta aurreko asteburutan inguruetan izan diren auto pilaketa eta arazoak saihestu asmoz. Izan ere, Covid-19aren testuinguruan nabarmen egin du gora barne turismoak, eta horrek arazoak sortu ditu Arantzazun eta Araotzen, besteak beste. Atzo bertan errepidea Azkoagain parean itxi beharra izan zen, Arantzazu gainezka eta Araotzen, Arrikrutzeko aparkalekua guztiz kolapsatuta zegoelako.
Egoera ez da berria eta horregatik mugikortasun plan berezia prestatu du udalak, auzotarren, eguneko bisitarien eta lotara ibilgailu handiekin doazenen arteko elkarbizitza errazteko. Alde batetik, 5 metro edo gehiagoko luzera duten ibilgailuentzako aparkalekua mugatu egingo da Arantzazun, 26 aparkaleku egongo dira beheko mailetako parkingetan. Aparkaleku hauek seinale bertikal zein horizontalez bidez adieraziko dira eta ezingo da gune horretatik kanpora halako ibilgailurik utzi. Arantzazuko aparkalekuak betetzen diren kasuetarako Mondragon Unibertsitatearen alboko parkingak eta San Martingo auto-karabanentzako guneak erabilgarri daudela gogorarazi nahi du udalak.
Bestalde, Araotzen, seinaleztatutako guneetan bakarrik aparkatu daitekeela ohartarazten duten seinaleak ipini ditu udalak. Izan ere, gaizki aparkaturiko autoek berez estua den auzo bidea oztopatzen baitute sarritan. Arazoak antzeman dira eta kexak ere heldu dira udalera. Gure parajeak guztiok gozatu ditzagun erantzun bat eman beharra izan dela adierazi du Izaro Elorza alkateak.
Araotz eta Arantzazuko mugikortasun plan berezia asteazkenean, martxoaren 31n sartuko da indarrean.
Era berean, ostegunean, Aste Santuko lehen jai egunean, Arantzazurako autobus zerbitzuak udako ordutegia estreinatuko du eta 7:30etatik 18:30etara orduero abiatuko da Oñatitik Arantzazura. Jaitsi berriz, orduetan puntuan jaitsiko da, 8:00tatik 19:00ak bitartean. Jaiegunetako autobus zerbitzua Araotzera joateko ere erabili daiteke, aurrez 900 121 400 telefonora deitu eta eskaera eginda.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!