Oñatiko udala

Auto elektrikoen beharrak aurreikusita hainbat inbertsio egingo ditu Oñargi enpresak datozen urteetan

2022/07/13
Card image cap
Errekalde 24 eraikina eta berdegunea
Errekalde auzoan transformazio zentro berria jartzeko baimena eman dio Udalak

  Gaia azken Osoko Bilkuran aztertu eta onartu zen. Errekalde auzoko 24. zenbakiaren parean dagoen lorategian transformazio zentro berria jarriko du Oñargik, Udalak, behar duen lur eremua erabiltzeko emakida emanda.

  Auto elektrikoen zabalpenak eragin dezakeen energia beharra aurreikusita Oñatik bere instalazioak osatzeko Inbertsio plana zehaztu du. Herriko zenbait lekutan dauden transformazio zentroak handituko ditu edo berriak jarriko ditu. Hori da Errekalde auzoaren kasua. Egun dauden transformadoreak nahikoa saturatuta daude eta instalazio berria egitea erabaki da, Errekalde 24 pareko lorategian.

  Miguel Angel Nuñez industria-ingeniariak egindako proiektuaren arabera 5,7 metro luze, 4,2 metro zabal eta lurreko kotatik metro eta erdiko altuera hartuko duen kiosko itxurako armairua jarriko da Errekalde 24 parean. Bertan egokituko da transformazio zentro berria.

  Errekalden transformazio zentro berria jartzeko baimena eta jabari publikoko emakida emateko erabakia ekaineko Osoko Bilkuran hartu den arren lanak ez dira berehalakoan egingo, Oñargiko arduradunek adierazi digutenez. Enpresaren Inbertsio planetan jasota dute, 2023an gauzatzeko. Oñargik auto elektrikoen beharrak aurreikusi eta bere instalazioak osatzeko plangintza egina dauka, esan bezala. Horren baitan kokatu behar da Bustinzuloko estazioan pasa den udazken-neguan egin ziren lanak: hirugarren transformagailu nagusi bat instalatu zen, etorkizunean auto elektrikoen zabalpenak behar energetiko handiagoak eragingo dituela aurreikusita.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!