Oñatiko udala

AUTLAN enpresak bi langile kaleratu ditu, ekonomia eta antolakuntza arrazoiak argudiatuta

2022/09/14
Card image cap
Sindikatuetako ordezkariek zuzendaritzarekin bilera dute gaur eta protesta elkarretaratzea egin zuten atzo

  Irailaren 8an jaso zuten bi langileek kaleratze gutuna eta hil amaieran gauzatuko da. Langileen antzera sindikatuek ere sorpresaz eta harrituta jaso dute berria, zuzendaritzarekin egindako bileretan ez baita ekonomia arazoez edo kaleratzeez berbarik egin, LABeko ordezkari batek adierazi digunez. CEGASA zeneko enpresan maneiatzen diren gai toxikoekiko babes eta prebentzio neurriak hartzeari buruzko bilerak egin dituzte azken asteetan baina ekonomia zailtasunik ez ei da aipatu.

  Sindikatuek kaleratutako idatzian zalantzan jartzen da enpresak emandako justifikazioa, ez dutelako ikuskatutako konturik  frogatzeko. Kanporatuko diren bi langileek hamarnaka urte zeramatzaten enpresan eta ez dute inoiz zigorrik, kargu hartze edo espediente akatsik jaso, sindikatuen esanetan. Zabaldutako oharrean esaten da kaleratzeak gizatasun gutxi erakusten duten neurrigabeko erabakiak direla eta plantilari “ikasbidea” eman nahi zaiola. Langileak kaleratu baino lehen beste neurri batzuk azter daitezkeela ere adierazten da eta aukera moduan aldi baterako EEE birakaria, eszedentzia edota Autlan Mexikora aldi baterako lekualdatzea aipatzen dira aukera moduan.

  Traumatikoak ez diren beste irteera batzuk negoziatzeko prest agertzen dira sindikatuak eta planteamendu horrekin joan dira zuzendaritzarekin gaur zuten bilerara. Badugu aukera izenburudun idatzia zabaltzearekin batera, kaleratzeak salatzeko elkarretaratzea egin zuten atzo Autlan EMD aurrealdean.

Iturria:Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!