Oñatiko udala

Aurten ez du Elkartasun azokarik antolatuko Elkar Hezi ikastetxeak

2022/11/28
Card image cap
Ekintzak zituen helburu pedagogikoak beste era batera lantzea erabaki dute

  Covid-19 pandemiak urteroko dinamika moztu zuen baita abenduko Elkartasun azokaren inguruan ere. Horrek, elkartasuna ulertzeko moduaren inguruan hausnartzeko prozesu bati hasiera eman zion Elkar Heziko ikas komunitatearen baitan. Iaz, azoka formatu txikian antolatu zen, ilusioa piztu eta normaltasunaren bidean geundela adierazi nahian baina aurten ez da egingo, ekimenak dituen helburu pedagogikoak beste bide batzuen bidez lantzea erabaki baitute. Bide berriak esploratzeko asmoa dute, Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatzen duen Etorkizuna Eraikiz egitasmoaren baitan.

  ZEHAR eta Euskadiko Emakume Ijitoen elkartearekin elkarlanean arituko dira, ikastetxe barruan eta baita ikas komunitatean ere. Dagoeneko probatuta dituzten jarduera arrakastatsuetan oinarrituko dira lanketa hori egiteko. Ikasturte osoa emango dute elkartasun ekintza ezberdinak egiten, markatu dituzten helburu pedagogikoak lortze aldera.

  Aurten beraz, ez da Elkar Hezik antolatutako Taupadak elkartasun azokarik egingo abenduan baina publikoki eskerrak eman nahi dizkiete urteetan bidaide izan dituzten gobernuz kanpoko erakunde, elkartasun talde eta herritar guztiei, mundu hobe bat irudikatzen laguntzeagatik.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!