Oñatiko udala

Aurrekontuak Herrijorran, eztabaida prozesu irekia hasiko da astelehenean.

2012/10/19
2013ko aurrekontuak herritarrekin lantzeko prozesua bi fasetan garatuko da. Lehenean, asmoak eta helburuak azalduko dira eta bigarrenean, lehentasunak zehaztuko dira.

  BILDUko udal taldeak datorren urteko aurrekontuen irizpide nagusiak zehaztu ditu. Hainbat egitasmo eta helburu zerrendatu ditu. Baina hauen inguruan herritarrek duten iritzia jaso nahi du. Oñatiarrek gobernu taldeak finkatu dituen asmoekin bat datozen egiaztatzeko eta hala bada, zein lehentasunak markatuko lituzketen ezagutzeko.

  Horretarako, bi fasetan egituratu den eztabaida prozesu irekia antolatu da. Lehen fasea, astelehenean bertan hasi eta azaroaren 7ra arte luzatuko da. Arloka eta atalka banatuta, 11 bilera egingo dira: auzoak eta landa garapena, merkataritza, enplegua, ingurumena, kirola, gaztedia, kultura eta liburutegia, turismoa, berdintasuna, ongizatea eta hezkuntza gaien inguruan. Udaletxean, kultur etxean edo gaztelekuan egingo diren bilera hauetan, gobernu taldeak datorren urterako zehaztu dituen asmoak aurkeztuko dira eta proiektu bakoitzak dituen helburuak ere azalduko dira. Lehen fase honetan, hirigintza arloak garrantzia berezia izango du. Astean esan bezala, udalak, espazio publikoen espazio publikoak hobetzeko planaren inguruan herritarren iritzia ezagutu nahi baitu. Horretarako astelehenean irekiko den erakusketa antolatu da eta gaiari buruzko bi hitzaldi ere egingo dira.

  Udalak, herriko espazio publikoak optimizatzeko azterlana eskuratu zuen uda hasieran eta egokitze lan batzuk eginda, hobe aprobetxatu daitezkeen 8 guneren inguruan, herritarren iritzia jaso nahi da. Kalegoiena, Olaiturri, Etxaluze, Foruen enparantza ingurua, Errementari Plaza, Ramon Irizar, San Lorentzo eta San Martin ingurua dira 8 gune horiek. Bakoitzari buruzko panel informatibo bana egin da, zein egoeratan dauden azalduz eta hobetzeko zein proposamen egin diren argituz. Panel horiek, Santa Ana areto sarreran jarriko dira erakusketa osatuz. Erakusketa hau astelehenean irekiko da eta azaroaren 19ra arte mantenduko da, goizeko 10etatik iluntzeko 8etra. Bertan eta hainbat eraikin publikotan bestalde, informazioa laburbildu eta herritarrek erantzun dezaketen inkesta modukoa jasotzen duten triptikoa eskuratu ahal izango da. Herritarrek, galdeketa bete eta iritzia eman dezaten. Baina gaiari buruzko bi hitzaldi ere egingo dira Santa Anan bertan, urriaren 31an eta azaroaren 7an.

  Aurrekontuak herrijorran prozesu irekiaren lehen fasean egingo diren atalkako bileretan eta espazio publikoak optimizatzeko parte hartze prozesuan jasotako iritzi guztiak kontutan hartuko dira, bigarren fasean jada, lehentasunak zehazteko. Diru kontuak jada, bigarren fase honetan egingo diren bileretan komentatuko dira. Bigarren fase hau azaroaren 19tik 30era luzatuko da.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!