"Aurrekontuak Arazerixan" prozesuaren itzulerakoa egingo da ostiralean

2017/03/29
Card image cap
Udal ordezkariak Ludoteka eta Gaztelekura joango dira haur eta gazteen proposamenen inguruan egin duten hausnarketa azaltzera

  Udalbatzako partaideek konpromiso hori hartu zuten herriko gazteenen aurrean Aurrekontuak Arazerixan prozesua abiatu zenean, iazko udaberrian.

  Aurrekontuak Arazerixan egitasmoaren baitan herriko haur eta gazteengandik jaso zituzten proposamenak aztertu ditu udalbatzak eta  lanketa horren berri emango diete etzi. Udal ordezkariak, alkatea buru, 17:00tan Txaloka ludotekara hurbilduko dira eta 18:30tan Gaztelekura. Gaztetxoen adinera egokitutako dinamika ezberdinak landu dira eta horiek bitarteko jasotako proposamenen inguruan hartu dituzten erabakiak jakinaraziko zaizkie.

  Ekarpenak jasotzeko garaian egin zen modura itzulerakoa ere adinka egingo da beraz. 3 eta 8 urte bitarteko haurrekin Ludotekan elkartuko dira udal ordezkariak, ostiralean 17:00etan esan bezala. Irudiak erabiliz, iazko udaberrian martxan jarri zen prozesuaren errepaso edo kontaketa laburra egingo da berriro gogorarazteko. Ondoren haurren proposamenen inguruan udalak hartu dituen erabakiak azalduko zaizkie, beraiek egindako ekarpenetatik dagoeneko gauzatu direnak edota gauzatuko direnak aipatuko dira eta oraingoz baztertu direnak zergatik baztertu diren ere adieraziko da. Beti ere, haurrek ulertzeko moduko hizkera erabiliz. 9 urtetik gorakoei, azalpenak Gaztelekuan emango zaizkie 18:30ak aldera. Beste dinamika bat erabiliz, kasu honetan ere iaz bizitako prozesuaren urratsak gogoratuko dira eta ondoren alkate eta zinegotzien txanda izango da. Jasotako ekarpenetatik zein proposamen baztertu diren eta zeintzuk burutu diren edo epe motz-ertainean burutuko diren azalduko da.

  Itzulerako honek duen garrantzia islatuz, ostiral arratsaldean joateko aukera duten zinegotzi guztiei parte hartzeko gonbidapena egin zaie Partaidetza eta Komunikazioa Batzordetik, bai udal gobernu taldekoei eta baita EAJkoei ere.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!