Aurreikuspenak bete dira eta langabeziak behera egin du berriro Oñatin

2017/11/03
Card image cap
Iraila akaberan baino 9 langabetu gutxiagorekin, langabezia tasa % 5,77 da une honetan

  Langabeziak behera egin ohi du Oñatin udazkenean eta halaxe gertatzen ari da aurten ere, irailean bezala urrian murriztu egin baita lana topatu ezinean dauden herritarren kopurua. Emakumeen artean egin du behera langabeziak gurean, irailean baino 12 emakume gutxiago erregistratu baitira Lanbideren bulegoetan. Gizonezkoen artean, orokorrean gora egin du, 3 gehiago zenbatu dira azken hilabetean, baina aipagarria da 25 urtetik gorakoen artean gertatu dela, gizon gazteen kopuruak pitin bat behera egin baitu.

  Oñatiko hainbat enpresek urteko azken hilabeteetan aldikako kontratazioak egin ohi dituzte, Gabonetako kanpaina eta urte amaierarako eskaerei aurre egin ahal izateko. Urteroko joera izan ohi da, esan bezala. Baina hala izanik ere, azken urteetako daturik hoberenak ematen ari dira 2017an, baita urrian ere. Orain urtebeteko kopuruekin alderatuta, esaterako, Oñatin, 75 langabetu gutxiago daude orain eta langabezia tasa ia puntu erdi baxuagoa da. Une honetan, Oñatiko langabezia tasa % 5.77 da. 2017an % 6aren azpiko tasa neurtu den 5. hilabetea da urria. 2008az geroztik ez zen halako egoera positibo jarraiturik gertatzen gurean.

  Hego Euskal Herriko enplegu zerbitzu publikoek irailean baino 1966 langabe gutxiago zenbatu dituzte urrian. Euskal Autonomia Erkidegoan langabeziak behera egin du, ez ordea Nafarroan, Foru Erkidegoan pitin bat baina gora egin baitu lanik ez duenen kopuruak. Guztira, 165.375 langabe zenbatu dituzte Hego Euskal Herrian, urrian.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!