Aurreikusitako moduan Udal Finantzaketarako Foru Fondoaren 2013ko likidazioa negatiboa izan da.

2014/02/18
Gipuzkoako udalek, dirua itzuli beharko diote diputazioari baina urrian aurreratu zena baino gutxiago. Oñatik, ia 85 mila euro itzuli beharko ditu.

  Finantza Publikoen Euskal Kontseiluan pasa den astean hartutako erabakiak zuzenean eragin du Gipuzkoako udalek Diputazioari urrian iragarri zena baino gutxiago itzuli beharra. 3 Aldundiek eta Eusko Jaurlaritzak lortutako akordioaren arabera, Gipuzkoaren ekarpena 7 milioi eurokoa izango baita eta ez 21 milioi hasieran kalkulatu zen bezala.

  Horrek, Udal Finantzaketarako Foru fondoaren likidazioa hasieran pentsatu baino arinagoa izatea eragin du. Udalek, dirua itzuli beharko diote diputazioari baina ez urrian esan zen bezain beste, edo azken asteetan kalkulatzen zena bezain beste.

  Akordiorik lortu ez balitz ordaindu beharrekoa bikoitza izan zatekeela esan zuen atzo Helena Franco Ogasun eta Finantza diputatuak. Pentsa, urriko aurre likidazioan, ia 9 milioi euro itzuli beharko zirela iragarri zen arren, azken kalkuluek, 11 milioi bueltatu beharko liratekeela adierazten zuten. Baina ez bata eta ez bestea, alkateei atzoko bileran jakinarazi zitzaienez, 2013ko likidazioa eginda, ia 5 milioi eta 600 mila euro itzuli beharko dira. Kopuru hori udalez udal banatuta, Oñatiri ia 85 mila euro itzultzea dagokio.

  Itzulpen hori nola egin ere zehaztu zen alkateek eta foru ordezkariek atzo goizean egin zuten bileran. Iaz egin bezala, lau zati berdinetan itzuliko da.

  Urteak dira foru fondoen likidazioa negatiboa gertatzen ari dela. Ondorioz, Gipuzkoako udalek urteak daramatzate aurreko urtean jasotako diru kopuruaren zati bat Diputazioari itzultzen. Zenbait urtetan gainera, itzulpenak oso gogorrak izan dira, kopuru oso handiak itzuli behar izan dira eta dirua urte bakarrean bueltatu ordez, hainbat urtetan itzultzea adostu zuten udalek eta aldundiak. Hala, iaz, 2013an alegia, 2009ko likidazioaren itzulpena osatu zen eta 2012ari zegokion likidazio kopuruari, 3 urte lehenago itzuli beharrekoaren azken herena batu behar izan zitzaion: 700 milioi euro inguru guztira. Aurten berriz, ez da hainbeste diru bueltatu beharko 2013ko likidazioak ia 85 mila euro itzultzea ekarriko baitu, esan bezala. “Itzuli” hitza erabiltzen dugu arren, berba ez da zuzena. Berez diru hori ez baita udaletxeko diru poltsatik irteten, sartu ere ez delako bertan sartzen. Hau da, Diputaziotik 2014ko foru fondoari dagokion ordainketan, itzuli beharreko diru kopurua kenduta iritsiko da. Lehen ordainketa hori justu hile honen akaberan gauzatuko da.

  Oñatiri, 2014ko Foru Fondoetatik 6 milioi 350 mila euro jasotzea dagozkio. Hori da behintzat Diputaziotik agindu eta udaleko aurrekontuetan zehaztu dena.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!