Oñatiko udala

AULKIAK Oñatiko elkarteen topaketak egingo dira azaroaren 19, 20 eta 27an

2021/11/03
Card image cap
Izaera anitzeko herriko talde eta elkarteak gonbidatzen dira, elkar ezagutu, arazo eta erronkak partekatu eta erantzun kolektiboak emateko

  Udaleko Partaidetza eta Garapen Komunitarioa batzordetik sustatu den ekimena da Aulkiak. Herri mailan dagoen elkarkidetza mugimendu anitz eta aberatsa batu, elkarren berri izan eta talde edo kolektibo gisa dituzten arazo eta erronkez gogoeta partekatu eta proposamenak trukatzea izango da asmoa. Topaketak esperientziak elkarbanatzeko espazio izatea nahi da.

  Herriko elkarte, kolektibo, talde, GKE, giza mugimendu eta gainontzeko eragileak gonbidatzen dira AULKIAK topaketetan parte hartzera. Eraikitzen ari den prozesua dela argitu zuen atzoko aurkezpenean Anik Zubizarreta batzordeburuak, ondorengo urratsak zeintzuk izan behar duten dinamikak berak markatuko dituelarik.

  Oñatiko elkarteen topaketa hauetako hiru egun finkatu dira, azaroaren 19an 17:00tatik 20:30etara eta 20 eta 27an goizeko 10:00tatik 13:30tara. Horiek aukeran ematen diren egunak dira, talde bakoitzeko ordezkariei saio bakarrean parte hartzea eskatzen baitzaie, egokien datorkien egun eta ordutegian. Hori bai, aurrez izena eman eta kultur etxean eskuragarri jarri diren sobreak hartu eta bertan topatuko duten galdetegia betetzea eskatzen da, topaketarako lanak aurreratzeko.

  Izena emateko epea zabalik dago azaroaren 15era arte. Aulkiak topaketok helburu ezberdinak dituzte: herrian diharduten talde ezberdinen arteko elkar ezagutza sustatu, esan bezala, egiten duten lana balioan jarri eta elkarlanerako bideak esploratuz, Oñatin dituen behar eta erronka amankomunei erantzun kolektiboa ematea.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!