Atzerritarrak erregularizatzeko sei hilabeteko prozedura ezartzea eskatuko dio Udalak Espainiako Gobernuari

2023/04/19
Card image cap
#ErregularizazioaOrain mugimenduarekin bat egin du udalbatzak eta Adierazpen Instituzionala onartu du

  Azken Osoko Bilkuran irakurri zen lau puntuko Adierazpen Instituzionala. Idatzian zehazten denez, Espainiako estatuan administrazio egoera irregularrean dauden 500.000 migratzaile inguru biziko lirateke, azken zenbatespenaren arabera. Horietatik heren bat adingabeak lirateke. Egoitza baimena lortzeko irizpideak oso murritzaileak dira eta prozesua oso luzea; itxaron aldiak asko luzatzen dira, zazpi edo zortzi urtekora arte, kasu batzuetan. Bitartean, migratzaileen egunerokoa oso zaila gertatzen da, eskubide eta errekonozimendurik gabe, bizi baldintza gogorrak pairatuz eta egoera zaurgarrian iraun behar izaten dutelarik. Aldi berean, justizia sozialari bizkar ematen dion ekonomia informal bat sortzen da erregularizatu gabeko atzerritarren inguruan. Egoera horri aurre egin ahal izateko, eta lehenago ere Espainian eta Europako beste herrialde batzuetan egin den bezala, ezohiko erregularizazio prozesua abian jartzea eskatuko dio Oñatiko udalbatzak Espainiako Gobernuari.

  #ErregularirazioaOrain ekimenarekin bat eginez, eta 700.000 herritarrek baino gehiagok beraien sinadurekin babestu duten bezala, gaia Diputatuen Kongresura eraman eta Herri Ekimen Legegile bidetik aztertzea eskatzen du Udalak. Atzerritarrek Espainian dituzten eskubide eta askatasunei eta atzerritar horiek gizarteratzeari buruzko urtarrilaren 11ko 4/2000 Lege Orgainikoaren lehenengo xedapen iraunkorra aldatzea proposatzen da, horrela idatzita geratu dadin: Lehen xedapen iraunkorra. Espainian dauden atzerritarren erregularizazioa. Gobernuak 6 hilabetetako prozesura ezarriko du Errege-Dekretu bidez, 2021eko azaroak 1a baino lehen espainiar lurraldean zeuden atzerritarren errregularizatzeko.
Era berean, Oñatiko Udalak migratzaileen eskubide eta askatasunekiko eta hiri eta gizarte bidezkoago, inklusiboago, anitzago eta demokratikoago baten aldeko borrokarekiko duen konpromisoa berresten du.

  Osoko Bilkuraren erabakia #ErregularizazioaOrain mugimenduari, Diputatuen Kongresuari eta Estatuko Gobernuari helaraztea ere onartu zen.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!