Atzeko kaleko beheko zatia oinezkoentzat egokitzeko lanak lizitaziora atera berri dira

2016/03/11
Card image cap
Udaletxe atzealdea eta Kirrineko eta Ibarrondoko kantoiak ere egokituko dira

  2011. urtean egin ziren Atzeko kalea egokitzeko lehen faseko lanak. Bost urte beranduago Ramon Irizar kaleko bidegurutzetik behera dagoen kale zatia egokituko da. Atzeko kalea ez ezik, bertara jotzen duten hiru kantoi ere egokituko dira, Ibarrondo, Kirrin eta udaletxe atzealdeko kantoiak. Azken honek gainera tratamendu berezia izango du; udaletxe inguruko kantoia eta kale zatian adokinak jarriko dira Kale Barriako ereduari jarraituz. Gainontzeko kale zatian eta Ibarrondo eta Kirrineko kantoietan hormigon inpreso deritzona botako da, Atzeko kaleko goialdean egin zen bezala. Horrela, kalearen itxura goitik beheraino bateratuko da.

  Udalak egin asmo dituen lanok baliatuz, Gipuzkoako Urak enpresak ur hornidura eta saneamendua berrituko du. Deialdi berean bildu dira kalea oinezkoentzat egokitzeko lanak eta ur azpiegiturak aldatzearena. Guztira, lizitaziora atera diren lanen aurrekontua 346.000 euro dira. Zatirik handiena, Atzeko kalearen behealdea oinezkoentzat egokitzeko lanei dagokie: 263.000 euro. Kopuru hau Udalak ordainduko du. Gainontzeko 83.000 euroak Gipuzkoako Urak enpresak ordainduko ditu. Lizitaziorako oinarrizko aurrekontu hori dena den, merkatu daiteke, enpresen  eskaintza ekonomikoa esleipenerako irizpide nagusia izango baita. Proposamenen balorazioan gehienez lortu ahal izango diren 100 puntutik 80, eskaintza ekonomikoari lotuta emango dira. Beste 20ak, egikaritza epea eta hobekuntzei dagozkionak izango dira.

  Atzeko kaleko beheko zatia oinezkoentzat egokitzeko lanak egiteko hiru hilabete eta erdiko epea zehaztu du Udalak, ekainetik iraila erdialdera. Edo beste era batera esanda, Korpus jaiak pasa eta San Migelak hasi bitartean. Kontu egin behar da egokitu nahi da kale zatia gune estrategikoan dagoela, herri gunean eta Korpus prozesiñoak betetzen duen ibilbidean. Horregatik, lanak, herriko bi jai nagusien ospakizunen artean egitea aurre ikusi da.

  Lanak esleitzeko iragarkia atzo argitaratu zen Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean. Interesa duten enpresek apirilaren 5a arteko epea dute proposamenak udal bulegoetan aurkezteko.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!