Oñatiko udala

Athlon Sintagmiari esleitu zaio kirol instalazioetan aholkularitza teknikoa eta osasun orientazioa emateko zerbitzua

2024/05/10
Card image cap
Urtebeteko kontratua sinatuko da maiatzaren 25ean

  Zubikoa kiroldegiko fitness aretoaren ardura eta aholkularitza teknikoa ematea eta POZ edo Oñatiko ohitura osasuntsuen aholkularitza zerbitzua eskaintzea da udalak martxoan abian jarri zuen lizitazioaren xedea. Enpresa bakarra aurkeztu zen deialdira eta proposatutako txosten teknikoa eta eskaintza ekonomikoa aztertuta ikusi da udalak jarritako baldintza guztiak betetzen dituela. Ondorioz, Athlon Sintagmia SLri esleitu zaio zerbitzua. Hasiera batean, urtebeterako kontratua sinatuko du udalak, beste bi urtez luzatzeko aukerarekin. Maiatzaren 25ean sinatuko da zerbitzu kontratu berria.

  Athlon Sintagmia enpresaren parte den Athlon kooperatibak ondo ezagutzen du Zubikoako fitness aretoaren aholkularitza teknikorako eta arretarako zerbitzua eta baita POZ orientazio zerbitzua ere, bien ardura izan baitu azken lau urte hauetan. Horrek, eskaintza fintzeko aukera eman dio. Txosten teknikoaren balorazioan 39 puntu eskuratu ditu, 52ko gehienezko puntuazioarekiko eta eskaintza ekonomikoan berriz, gehienezko 48 puntuak, udalaren muga 9.000 euro pasatxotan merkatuta.

  Udalak, Osakidetzak, eta Foru Aldundiak elkarlanean abiatutako zerbitzua da POZ, bizi ohiturak aldatu eta sedentarismotik bizi aktibora pasatzeko aholkularitza-orientazio zerbitzua ardatz duena. Oñatiko ohitura osasuntsuen aholkularitza zerbitzua ez ezik, kiroldegiko fitness aretoan ere aholkularitza teknikoa eta arreta zerbitzua bete beharko du Athlon Sintagmia enpresak. Alde horretatik erabiltzaileei aholkua eman, eskatuz gero entrenamendu plan orokorrak prestatu eta fitness eremuetako makinen eta instalazioen jarraipena egin beharko du, makinak nola dauden zaindu eta intzidentziak jakinaraziz, eta ingurua ordenatuta eta garbi mantentzearen ardura ere izango du.

  Maiatzaren 24an amaitzen da Athlon kooperatibarekin 2020an sinatu zen aurreko kontratua, eta hurrengo egunean, 25ean sinatuko da Athlon Sintagmiarekin zerbitzu kontratu berria.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!